DONOSTIA 4 Sep. (EUROPA PRESS) -
Ertzaintzak 21 urteko gizonezko bat atxilotu zuen asteazkenean Pasaian (Gipuzkoa) etxebiziiza batean lapurtzea leporatuta. Atxilotua etxean bizi den pertsonaren ohean lotan harrapatu zuten eta, gainera, janaria prestatzeko hainbat tresna erabili zituen etxean egon zen bitartean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, asteazken goizean Ertzaintzako agenteei eskatu ziete Pasaiara joateko, topoaren trenbidera, leiho batetik jauzi eginda etxebizitza batetik ihes egin zuen gizonezko bat baitzegoen bertan. Jabeak pare bat egun zeramatzan etxetik kanpora, eta, aukera baliatuta, susmagarria barrura sartu zen sarrerako atea behartuta.
Senide batzuk etxebizitzara bisitan joan zirenean, kalteak hauteman zituzten ateko sarrailan, eta barruan norbait sukaldean janaria prestatzen aritu zela ikusi zuten. Jarraian, arrotz bat gela batean lotan aurkitu zuten, eta honek, pertsona horiek ikusi zituenean, etxetik ihes egin zuen leiho batetik trenbidera jauzi eginez, aurretik bideo kontsola bat, dirua eta objekturen bat edo beste hartuta.
Bertaratu ziren agenteek geltokiko nasan aurkitu zuten lapurra, eta etxe batean indarra erabiliz lapurtzeagatik atxilotu eta polizia egoitzara eraman zuten. Lapurtutako objektuak konfiskatu egin zizkioten jabeei itzuli ahal izateko. Atxilotua datozen orduotan jarriko dute agintari judizialaren esku.