Googleren hezkuntza aplikazioen inguruan ariko dira 450 irakasle ostegunean Gasteizen

Google Apps
GOOGLE
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 20 abril 2016 13:16

GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)

   Gasteizko Koldo Mitxelena BHIk eta Arabako Berritzeguneek Googleren hezkuntza aplikazioei buruzko jardunaldia antolatu dute ostegunerako, apirilaren 21erako, Arabako hiriburuko Europa jauregian, eta 450 irakaslek baino gehiagok parte hartuko dute. Euskadiko zortzi ikastetxek eguneroko metodologian Googleren aplikazioak erabilita izaten ari diren esperientzia arrakastatsuak azalduko dituzte bertan.

   Jardunaldiaren aurkezpena, 09:00etatik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Ikastetxeen zuzendari Jesus Fernandezek egingo du. Ondoren, Merce Gisbert Hezkuntza Zientzietan doktore eta hezkuntzari aplikatutako teknologietan adituak eta Marc Sanz Europa Hegoalderako Google Apps for Education-en buruak hartuko dute hitza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak iragarri duenez.

   Google Apps for Education ikasketa eta irakaskuntza lanak errazten dituen eta ikasleentzat motibagarriak diren aplikazioen sorta bat da. Drive, Gmail, Calendar edota Classroom gero eta sarriago erabiltzen dira egungo hezkuntza metodologietan, Lehen Hezkuntzan, DBHn zein Batxilergoan.

   Horren erakusle da aurten Gasteizen antolatu den jardunaldi honetan izen emate kopuruan marka hautsi izana, plaza guztiak jardunaldia baino hilabete lehenago beterik baitzeuden.

   Jardunaldian aztertuko diren ikastetxeetako zortzi jardunbide egokiak honakoak dira: Bi ikastetxe elkarlanean Classroom aplikazioarekin (Angel Ganivet HLHI eta Arantzabela ikastola); Google Apps Heziketa Fisikoan (Usandizaga-Peñaflorida-Amara BHI); Etorkizuna errealitate bihurtuta: "Future Classroom Toolkit" (Elgoibar ikastola); Arloen arteko berrikuntza metodologikoa proiektua (Koldo Mitxelena BHI); Google Classroom bitarteko txanela digitala (Bihotz Gaztea ikastola); Irakaslearen koaderno digitala (Llodio Lanbide Heziketa); Blog Sarelektz (Bidasoa ikastetxea); eta "Bizi on" (Botikazar BHI).

Contenido patrocinado