Graduko 35.100 ikaslek hasiko dute astelehenean 2025-2026ko ikasturtea EHUn

EHU
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 5 septiembre 2025 13:00

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Gradiko 35.126 ikaslek ekingo diote 2025-2026ko ikasturteari Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) datorren astelehenean, irailaren 8an, horietatik 8.751 berriak, euskal unibertsitate publikoaren azken datuen arabera.

Ikasleen %73,15ek bere lehenengo aukerako gradua ikasiko du, eta %57k euskaraz egingo ditu graduko ikasketak, aurreko matrikulazio kanpaina baino %2k gehiagok. Campusen arabera, ikasle berrien %53,72 Bizkaikoan matrikulatu da, %25,24 Gipuzkoakoan, eta %21,04 Arabakoan.

EHUk ezagutza arlo guztietako ikasketak eskainiko ditu, eta denera, 106 gradu izango dira aurten, euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez, horietatik 16 dualak eta 15 bikoitzak.

Beren ikasketetan zehar, ia ikasle guztiek egingo dituzte praktikak enpresaren edo erakunderen batean. Aurreko ikasturtean 13.700 praktika inguru egin ziren, horietariko %64,7 derrigorrezkoak eta %35,3 borondatezkoak.

Era berean, nazioartekotzeak ere hazten jarraitzen du graduko ikasketetan, eta ikasleek aukera dute atzerrian ikasteko eta esperientzia aberasteko, Erasmus+, Latinoamerika eta beste norako batzuk programen bidez, iraupen laburreko ikastaro trinkoen bidez edo ikasketa eta praktiketarako mugikortasun luzeen bidez.

Gainera, EHUk Bordeleko Unibertsitatearekin duen mugaz gaindiko campusak eta ENLIGHT Europako beste bederatzi unibertsitaterekin batera duen aliantzak diziplina anitzeko, nazioarteko eta erronketan oinarritutako ikastaro sorta zabala eskaintzen dizkiete EHUko ikasleei. Aukera horietaz baliatuta, lau ikasletik batek gutxienez lauhileko bat igaroko du atzerriko edo Espainiako Estatuko unibertsitateren batean.

GRADUONDOKOAK

Graduondokoei dagokienez, matrikula oraindik irekita dago. EHUk 109 unibertsitate master, etengabeko prestakuntzako 35 master eta 67 doktorego programa eskainiko ditu 2025-2026ko ikasturtean, eta dagoeneko 2.141 ikasle berri matrikulatu dira unibertsitate masterretan.

Etengabeko prestakuntzaren eskaintza ere zabala dauka EHUk. Hala, berezko 50 tituluz gain, unibertsitateko mikrokredentzialak indartuko ditu, beti ere, enpresen eta erakundeen eskariari erantzuteko ibilbide formatibo profesionalak egokituz.

Era berean, euskal unibertsitate publikoaren graduondoko eskaintzaren nazioartekotzea gero eta zabalagoa da. Horrela, gaur egun, nazioarteko dimentsioa duten 47 master eskaintzen ditu; horietatik 14 titulu bikoitzak dira (EHUren eta atzerriko unibertsitatearen titulua eskuratzea ahalbidetzen dutenak), eta 9 Erasmus Mundus masterrak. Gainera, EHUk bederatzi master eskaintzen ditu Amerikako hainbat unibertsitatetan Graduondoko Sare Latinoamerikarraren bidez.

BERRIKUNTZAK

Bestalde, hainbat obra eta ekimen berri jarriko dira martxan ikasturte honetan EHUko campusetan. Horrela, Gipuzkoako campusean ikasleentzako egoitza berri bat egiteko obrak hastea espero da 2026an.

Leioako campusean liburutegiko eraikinaren segurtasuna bermatzeko hainbat lan hasiko dira, eta Mikel Laboa plazaren eraberritzea laster egongo da bukatuta.

Leioan ere kiroldegia ustiatzeko lehiaketa martxan da, eta urte hasierarako zabalik egongo da. Halaber, behin Bilboko Udalarekin Odontologia Klinika Soziala Panera eraikinera eramateko akordioa itxita, ikasturte honetan hasiko dira egokitze lanak.

Azkenik, Arabako campusean zaintza zerbitzu integral bat abiatzeko urratsak ematen ari dira. Bada, ikasturte honetan prest izango da proiektu horretara bideratuko den espazioa, eta ikasturte hasieran jarriko da martxan Mobility Lab campusa Gasteizko Ingeniaritza Eskolan.

INAUGURAZIOA

Ikasturte berriko inaugurazio ekitaldia irailaren 10ean izango da, 11:30ean, Gipuzkoako campuseko Miguel Unamuno parkean, Donostian.

Joxerramon Bengoetxea errektorearekin batera izango dira Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua.

Ekitaldian EHUren Urrezko dominak emango zaizkie Nekane Balluerka, Jose Angel Iribar eta Carlos Garaikoetxeari, euren gizatasuna eta euskararekiko nahiz herriarekiko konpromisoa eskertzeko.

Contenido patrocinado