BILBO, 11 (EUROPA PRESS)
Guggenheim Bilbao Museoak 21.069 bisitari izan ditu Aste Santuko jaiegunetan, hau da, ostegunetik astelehenera, egunean 5.267 batez beste. Kopuru handia izanagatik, 2022koa baino txikixeagoa da, iaz 3.049 pertsona gehiago bertaratu ziren, 'Motion. Autos, Art, Architecture' erakusketak ohi baino portzentaje handiagoan erakarri baitzituen bertoko ikusleak.
Museotik jakinarazi dutenez, Aste Santu honetako bisitarien jatorriari erreparatuz gero, %60 Espainiko Estatutik iritsi dira, eta bereziki nabarmena izan da Kataluniatik (%9,4), Euskal Autonomia Erkidegotik (%8,3) eta Madrildik (%7,2) heldutakoen kopurua. Beste herrialde batzuetako bisitariei dagokienez, frantsesak izan dira ugarienak (guztirako kopuruaren %11,4), eta ondoren alemanak (%4,2), ingelesak (%4,1) eta italiarrak (%2,8). Egunik jendetsuena ostirala izan da.
Urteko kopuru metatuari begiratuz gero, 2023an bisitarien erritmoa beste urte batzuetakoa baino handiagoa izaten ari da. Horrela, urteko lehen 14 asteetan 211.346 lagunek bisitatu dute museoak, hau da, 2022an baino %51 gehiagok, 2021ean baino %190 gehiagok (orduan EAEko bisitariak bakarrik izan ziren mugikortasun murrizketen ondorioz) eta 2019an baino %33 gehiagok.
Bertaratu diren guztiek programazio artistiko oparoaz gozatzeko aukera izan dute, hala nola aldi baterako hainbat erakusketaz ('Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea', 'Joan Miró. Errealitate absolutua. Paris, 1924-1945', 'Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik' eta Yayoi Kusamaren 'Infinituaren' isla-gela obra) eta 'Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak' erakusketa iraunkorraz.