Guggenheim Bilbao Museoak bere obrarik enblematikoenak gehitu ditu iTunes U plataformara

Museoaren artelanak iTunes U plataforman
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Actualizado: jueves, 14 febrero 2019 13:41

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Guggenheim Bilbao Museoak bere obrarik enblematikoenak gerturatuko dizkie ikasle, irakasle eta arte zaleei iTunes U plataformaren bidez. Andy Warhol-en "Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu", Eduardo Chillidaren "Sakona airea da" edo Francesco Clementeren "Amaren gela" dira museoak nazioarteko plataformarako sortutako multimedia edukietan aurki daitezkeen artelanetako batzuk.

Bilboko museoak 2016an martxan jarri zuen hezkuntza programaren baitan dago ekimena. Orain gehituriko 20 ikastaro berriekin, dagoeneko 40 dira erakundeak formatu digitalean eskaintzen dituen edukiak, museoko arduradunek jakinarazi dutenez.

Ikastaro horiek museoaren bildumako 20 artelan enblematikori heltzen diete, eta lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleen eskura daude, bai eta haien irakasleen eta arte zaleen eskura ere. Besteak beste, artelanen argazki ugari biltzen dituzte; horien artatzeari buruzko informazio esanguratsua eskaintzen dute; museoaren historian mugarri izan diren bideoak ikusgai jartzen dituzte; komisarioek erakusketa aretoetan emandako azalpenak jasotzen dituzte. Gainera, ikastaroek jarduerak, esteka interesgarriak eta aplikazio sortzaileak iradokitzen dituzte.

"TRESNA ERAKARGARRI ETA MALGUA"

Museoko arduradunen arabera, "tresna erakargarri eta malgua" da iTunes U, eta ikasle eta arte zaleak animatzen ditu modu autonomoan lan egitera, hainbat jarduera egitera gonbidatzearekin batera: zirkulu kromatiko digital batekin jolastu, emozioen inguruan gogoeta egin, narrazio ilustratu bat irudikatu, kronologiak egin, podcastak prestatu, pentsatzen ikasteko dinamikak garatu, lorategi bertikal propioak sortu edo telebistako bidaia programa baten antzeko erreportaje bat asmatu.

"Hala, artea tresna pedagogiko boteretsu bilakatzen da, ikasgelan zeharkako gaiak jorratzeko bidea irekitzen duena: arazoak konpontzea, emakumeak historian zehar izan duen papera, giza eskubideak, hustasuna zientzian eta artean, edo klima eta landareen bizitza. Proiektuak aukera ematen die irakasle eta ikasleei egindakoa ikastaro bukaeran aukeratu, moldatu eta ebaluatzeko", azaldu dute.

Ikastaroak doakoak dira, eta euskaraz, gazteleraz eta ingelesez daude eskuragarri iTunes U plataforman. Aplikazio horrek baliabide ugari eskaintzen ditu iPad, iPhone eta iPod Touch euskarrietarako. Modu horretan, ikasleek eta artean interesa duten pertsonek interesgarri zaizkien gaietan sakon dezakete, bai eta haien ideia eta jakin-mina partekatu ere. Tresna honek osatu egingo ditu aldi baterako erakusketen inguruan sarean dauden hezkuntza giden edukiak.