BILBO, 26 (EUROPA PRESS)
Guggenheim Bilbao Museoak nazioarteko artista garaikideek sortutako sei artelan gehituko dizkio bere bilduman, D. Daskalopoulos Collection bildumak egindako dohaintzari esker.
Hain zuzen, Matthew Barney, John Bock, Kendell Geers, Guyton/Walker, Martin Kippenberger eta Kiki Smith dira Bilboko museoaren funtsak aberastuko dituzten eskultura, instalazio eta margolanen egileen izenak, museoko iturriewk jakinarazi dutenez.
Dohaintzan jasoko diren obrak nazioarteko arte erakunde ugaritan erakutsi izan dira, tartean D. Daskalopoulos Collection-en inguruan Guggenheim Bilbao Museoak berak 2011n egindako erakusketan. 'Bitarte argitsua' izenburuko erakusketa haren komisarioak Nancy Spector eta Katherine Brinson izan ziren.
"Sei artelan horiek dohaintzan jasotzeak sendotu egiten du Guggenheim Bilbao Museoaren bilduma; batetik, baliabide anitzak eta eskala handiak uztartzen dituzten lan berriak gehituko direlako, eta bestetik, nazioartean ospea zabaldua duten artisten zerrenda handitzen delako", adierazi dute Bilboko museotik.
Alde batetik, Kendell Geers eta Kiki Smith artisten lanek "ekarpen esanguratsua" egingo dute Guggenheim Bilbao Museoak indartu nahi dituen bi arlotan: ikuspegi dekoloniala, Geersek botere sistemei egiten dien kritikaren bidez aztergai duena, eta emakume artisten presentzia indartzea, Smithen kasuan, generoan eta identitatean sakontzen duen obrarekin.
Bestalde, dohaintza horri esker, Guyton/Walker kolektiboa Guggenheim erakundeen funts globaletan ordezkatuko duen aurreneko lana gehitu ahal izango da. Martin Kippenbergerrek, bere aldetik, bat egingo du gerraosteko artista alemanek lehendik osatutako taldearekin (besteak beste, Sigmar Polke, Gerhard Richter, Georg Baselitz eta Anselm Kiefer), belaunaldien arteko elkarrizketa sortuz identitatearen, historiaren eta kritika sozialaren gaiak ardatz hartuta.
Gainera, Bilboko museoaren ondareari "ekarpen handia" egingo dio Kippenbergerren eta John Bocken arteko loturak: bi artiston praktikei "halako ikuspegi lotsagabe eta performatiboa" darie, absurdoa modu ludiko batean baliatuta artean ezarritako arauei desafio egiteko helburuz.
Azkenik, Matthew Barneyren artelana dohaintzen artean sartzeak ere bere praktikaren eta Kippenberger eta Bockenaren artean dauden kidetasunak nabarmentzen ditu: hirurek erakusten dute interesa apropiazioan, muntaketan eta baliabideen fusioan.
Artista horien lanek, teknika eta gaiei dagokienez bilduma aberasteaz gain, gaur egungo artearekiko duen konpromisoa berresten dute, gizartea kuestionatzeko eta publikoarekin elkarrizketa kritikoa sustatzeko bitartekotzat hartuta.