Guggenheim Bilbao Museoak eta Google Arts & Culture-k 'Artetik: From the Art' ekimenaren sareko bertsioa estreinatu dute

'Artetik' Ekimena.
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Europa Press País Vasco
Publicado: domingo, 26 noviembre 2023 11:43

BILBO 26 Nov. (EUROPA PRESS) -

Guggenheim Bilbao Museoak eta Google Arts & Culture plataformak artearen eta emozioen inguruko 'Artetik: From the Art' instalazio digital arrakastatsuaren sareko bertsioa estreinatu berri dute: https://artsandculture.google.com/project/guggenheim-bilbao.

Joan den urtean Bilboko museoan aurkeztu zenetik, 230.000tik gora pertsonak parte hartu dute ekimenaren instalazio fisikoan. Esperientzia berriari esker, aldiz, 'Artetik' proiektuak eraikinaren muga fisikoak gaindituko ditu, publiko globalak munduko edozein lekutik izan dezan museoaren bildumako artelanak arakatzeko aukera bisitariek artelan horiei esleitutako emozioen bitartez

Museoko iturriek jakitera eman dutenez, Artea eta emozioak lotuko zituen esperientzia digital berritzaile bat eskaintzea helburu, Google Arts & Culture etxeak sortu zuen proiektua Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan, museoaren 25. urteurrena zela eta.

Hala, lehenengo urte honetan, 'Artetik' instalazioaren bertsio presentziala erabili duten bisitariek egindako ekarpenak sentipenen grafiko kolektibo bat osatuz joan dira, eta hari esker jakin ahal izan da Guggenheim Bilbao Museoaren bildumako artelanek pizten dituzten emozioen artean lilura, jakin-mina, dibertsioa eta poza nagusitzen direla.

Ekimenaren abiapuntua Kaliforniako Unibertsitateko (Berkeley) zientzialariek egindako ikerketa bat da. Bertan, artelanek denboraren joanean iradokitzen dituzten emozioak izan zituzten aztergai. Ondoren, Google Arts & Culture eta Guggenheim Bilbao Museoa elkarlanean aritu ziren zenbait hilabetez azterlan hori museoaren bilduman aplikatzeko.

"Berriro ere lankidetzaren bidez esperientzia sarera zabaltzeak indartu egin du bi erakundeek berrikuntzarekin, hezkuntzarekin eta edukien eskuragarritasunarekin hartua duten konpromisoa", nabarmendu dute Bilboko museotik.

Publikoak Interneten duen esperientzia aberasteko eta teknologiaren bidez jende gehiagorengana iristeko asmoz, Guggenheim Bilbao Museoak eta Google Arts & Culture-k hainbat proiekturen bidez lankidetzan aritzeko bideari ekin zioten 2017an.

Hala, Google Arts & Culture plataformaren barruan, museoak badu web orri bat, bildumako artelanen hautaketa baten bereizmen handiko lanak, erreportaje digitalak eta ibilbide birtualak biltzen dituena. Helburua da munduko artezaleek eta erabiltzaileek klik bakar batekin sartu ahal izatea bildumara (https://artsandculture.google.com/experiment/awH-tde1Hw_k2Q?...).

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado