BILBO 1 May. (EUROPA PRESS) -
Gure Zirku euskal zirku ibiltaria Bizkaira itzuliko da maiatz honetan, eta Muxikan eta Diman egingo ditu hurrengo geldialdiak, herri bakoitzean bederatzi emanaldi eskainiz. Emanaldiotarako sarrerak salgai daude jada, www.gurezirkua.eus webgunean.
Joan den apirilaren 8an ekin zion Gure Zirkuak laugarren birari Errenterian (Gipuzkoa), covid-19ak baldintzatutako testuinguruan. Taldeak 22 emanaldi eskaini ditu guztira bertan, sarrera guztiak agortu eta 5.000 ikusle bilduz.
Bada, jendearen "erantzun bikaina" ikusita, euskal zirku ibiltariak jakinarazi du aurrera jarraituko duela 2021erako aurreikusitako ibilbidean eta Bizkaira itzuliko dela maiatzean. Ia bi urte igaro dira 2019ko uztailean taldeak lurralde horretan azken emanaldia eskaini zuenetik.
Hala, Gure Zirkuak 18 emanaldi eskainiko ditu Muxikan eta Diman, bere buruari jarritako bi erronkari jarraipena emanez: batetik, Euskal Herriko gero eta eskualde gehiagotara iristeko erronka (lehen aldia izango da Busturialdera eta Arratiako bailarara iritsiko dena), eta bestetik, zirkua herri txikietara eramatea, zirkurik sekula iritsi gabeko udalerrietara bisita eginez.
Bi erronka horiek oinarri hartuta, Gure Zirkua Muxikan izango da maiatzaren 7tik 16ra, eta Diman maiatzaren 21etik 30ra. Sarrerak salgai daude www.gurezirkua.eus webgunean.