BILBO, 13 (EUROPA PRESS)
Gure Zirkuak Zuberoan ekingo dio seigarren birari eta lau emanaldi eskainiko ditu Maule-Lextarren apirilaren 28tik 30era, maiatzaren 1eko zubia aprobetxatuz. Lehenbiziko aldia izango da euskal zirku ibiltaria Zuberora iritsiko dena, Xiberoko Ikastolen 50. urteurrenaren ospakizunen barruan, eta lau emanaldiotarako sarrerak salgai daude jada www.gurezirkua.eus webgunean.
Bada, Gure Zirkuko kideek nabarmendu dutenez, 2022ko bira "zoragarri eta gogoangarriaren" ondoren, eta hiru hilabetez atseden hartuta, errepidera itzultzeko ordua iritsi zaio euskal zirku ibiltariari.
Bost urte joan dira jada lehen euskal zirku ibiltariak ibilbidea hasi zuenetik, eta harrez gero dozenaka izan dira ezagututako herriak eta ehunka eskainitako emanaldiak. Bada, bost urteren ondoren, Gure Zirkuak bide beretik jarraitzeko asmoa du, "zirkuaren grina lau haizeetara zabalduz eta bere karpa Euskal Herriko ahalik eta txokorik gehienetara eramanez".
Horrela, serigarren bira Maule-Lextarren abiatuko du Gure Zirkuak, Sohütako Eperra ikastolarekin eta Maule-Lextarreko Herriko Etxearekin elkarlanean, eta lehenbiziko aldia izango da euskal zirku ibiltaria Zuberoara iritsiko dena, Xiberoko Ikastolen 50. urteurreneko ospakizunekin bat eginez, gainera.
Hala, Gure Zirkuak lau emanaldi eskainiko ditu Gorre zelaian jarriko duen karpan: apirilaren 28an, 19:00etan; apirilaren 29an, 16:00etan eta 18:30ean; apirilaren 30ean, 11:00etan.