BILBO, 31 (EUROPA PRESS)
Steilas sindikatuak Haurreskolak Partzuergoko "murrizketak bertan behera behera" uzteko eskatu dio astelehen honetan Eusko Jaurlaritzari eta partzuergoko gerenteari. Izan ere, sindikatuaren arabera, azken bi urteetan, "EAJ Haurreskolak Partzuergoaren izaera eta kalitatea suntsitzen ari da".
"Ratioak handitu ditu gelako hezitzaile bakarra ezarriz kasu askotan, ordezkapen asko eta asko ez ditu betetzen (60 urtetik gorakoen lanaldi murrizketak barne), matrikulazioan aldaketak gauzatu ditu, haurreskolen ordutegiak murriztu ditu", salatu du Steilasek ohar baten bidez.
Gogorarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) haur eskola publikoetan "gure ratio propioak izan ditugu beti", hau da, bi hezitzaile gelako jardunaldi osoan, "kalitatezko hezkuntza zerbitzua bermatuz urteetan zehar".
"Baina, azken hilabeteetan, gauzak aldatu dira, eta enpresa, kontratazio berriak ez egiteko, azaroaren 16ko 215/2004 Dekretuko 12. artikuluan agertzen diren ratio estatalak aplikatzen ari da. Guretzat hau onartezina da. EAJk Madrilen autogobernua eskatzen duen bitartean, EAE mailan, marko estatala babesten du, orain arte irizpide propioak aplikatu izan dituenean", kritikatu du.
Halaber, sindikatuaren iritziz, EAEko Hezkuntza lege berrirako akordioan "Haurreskolak Partzuergoa indartu behar zutela saldu nahi izan baziguten ere, erabaki hauekin argi geratzen da urratsak kontrako norabidean besterik ez direla ematen ari".
Hori guztia dela eta, "gela bakoitzeko bi hezitzaile bermatuta izatea, eman diren beste murrizketak bertan behera uztea eta, nola ez, hezitzaileen lan baldintzak duintzea" eskatu du. "Estatu mailan eredu gisa saltzen aritu dena suntsitzen ari da EAJ, eta, beraz, gutxienez genuena berreskuratzea exijitzen diegu Jaurlaritzari eta Haurreskolak Partzuergoko gerenteari", gaineratu du.