Hegoaldeko mugatik Europara iritsitako edo iristen saiatutako bost emakumeren kontakizunak bildu ditu CEAR-Euskadik

Liburuaren azala
CEAR-EUSKADI
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 3 marzo 2020 12:17

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

CEAR-Euskadi errefuxiatuen laguntzarako erakundeak 'Sei metroko hesia saltatu nahi izan zuen emakumea' izeneko kontakizun liburua argitaratu berri du. Liburuaren bidez agerian jarri nahi da nolako istorioak bizi izaten dituzten Saharaz hegoaldeko Afrikako emakumeek, Espainiako hegoaldeko mugan zehar igaroz Europarako migrazio proiektu bati ekiten diotenean. Amanda Andrades kazetariak idatzi du liburua, eta Amelia Celayak egin ditu diseinua eta irudiak.

Andradesek azaldu duenez, "kontakizunek bost emakumeren ausardia erakusten dute. Emakume horiek, askotariko indarkeria testuingurutatik ihesi, muga errealez eta sinbolikoz jositako bide luze bati ekin zioten, hegoaldeko mugaraino. Lauk lortu zuten gurutzatzea, eta gaur egun gure artean ditugu; beste bat, berriz, Marokon dago oraindik, noizbait muga igarotzeko itxaropenez".

Liburuaz gain, CEAR-Euskadik azalpen bideo bat ere prestatu du, ikusarazteko zer beste zailtasuni aurre egin behar dieten emakume horiek ihesaldian, Europara igarotzean eta helmugara iristean.

CEAR-Euskadiko Intzidentzia eta Parte Hartze Sozialeko taldeak Ceutan, Melillan eta Marokoko iparraldean iaz egindako ikerketa bat izan da lanaren abiapuntua. Talde horrek, han emandako denboran, inguruko migratzaileei eta errefuxiatuei laguntza ematen dieten 40 erakunde baino gehiago elkarrizketatu zituen, bi asmorekin: batetik, ezagutaraztea zer nolako indarkeria matxistak jasaten dituzten Saharaz hegoaldeko emakumeek hegoaldeko muga igarotzean, eta bestetik, jakitea emakume horiek nazioarteko babesa jasotzen ari ziren edo ez.

Hala, Beatriz de Lucasen gidaritzapean, ikertzaile taldeak egiaztatu zuen Espainiako hegoaldeko muga aspalditik dela "esternalizatzeko eta militarizatutako migrazio politikak probatzeko laborategi nagusia". "Muga horretan, migrazio kontrolak migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen bermearen gainetik daude. Hain zuzen ere, gaur egun hegoaldeko muga gurutzatzen duten emakume gehienek salatu dute sexu indarkeria jasan dutela bidean", azaldu dute CEAR-Euskaditik.

De Lucasek gaineratu duenez, "mugetako sexu indarkeria sistemikoaz gain, Saharaz hegoaldetik Europarako bide horretatik datozen emakumeek beste era askotako indarkeria ere pairatzen dute, hala nola beren ugalketa askatasunarekin lotutakoa, erakundeetako indarkeria eta indarkeria ekonomikoa".

"Indarkeria hori guztia dela eta, emakumeek hainbat ondorio pairatzen dituzte: bortxaketen ondoriozko haurdunaldiak edo behartutako abortuak, arrazakeria, eta salaketa egitean etengabe haien lekukotzak zalantzan jartzea. Gainera, Marokon dauden bitartean alternatiba ekonomikorik ez dutenez, sarritan, sexu esplotazioan edota lan esplotazioan sartzen dituzten pertsonen edo sareen menpe erortzea", azaldu du.

EGILEA ETA IRUDIA

Amanda Andrades Gonzalez kazetaria da. Nazioarteko informazioan, giza eskubideetan, migrazioan eta feminismoan espezializatuta dago. 'CTXT' aldizkariko erredakzioan egiten du lan. Idazten hasi aurretik, hamar urte eman zituen nazioarteko lankidetzako proiektuetan lanean Latinoamerikan eta Afrikan.

Amelia Celaya asturiarra diseinatzaile grafikoa eta irudigilea da, argitalpen diseinuan espezializatua. Haur, gazte zein helduentzako argitalpenetan egin ditu irudiak, besteak beste, 'Cosas que sucedieron o no', 'Catalina y los bosques de hormigón' eta 'Naiyiria' lanetan.

Contenido patrocinado