BILBO, 28 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2019rako egindako lan eskaintza publikoan izena emateko epea bukatu zen asteazkenean, eta 7.988 eskaera jaso dira, 1.687 lanpostu betetzeko. Zehazkiago, Maisu-maistren kidegoan (Haur eta Lehen Hezkuntza) 7.746 izen-emate jaso dira, Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoan (Musika Kontserbatorioak) 148, eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoan 94.
Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, apirilaren 3an argitaratuko du lan eskaintza publikoan onartutakoen eta baztertutakoen behin behineko zerrenda, eta izena eman duten irakasleek egun horretatik aurrera kontsultatu ahalko dute euren egoera Hezkuntza Sailaren webgunean, erabiltzaile izena eta pasahitza sartuta.
Oposizio faseko lehen probak ekainaren 15ean hasiko dira, Barakaldoko BECen. Hori baino lehen, onarturiko izangaiek maiatzaren 2tik 14ra aurkeztu beharko dituzte programazio didaktikoa eta merezimenduen egiaztagiriak. Bestetik, eskatzen den hizkuntza eskakizuna oraindik ez duten izangaiak, perfil hori egiaztatzeko probatara aurkeztu ahal izango dira, deialdi irekian, baldin eta lan eskaintza publikoan izena ematerakoan hala eskatu badute. Hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko atariko proba apirilaren 6an izango da, handik astebetera idatzizkoa (apirilaren 13an), eta ondoren ahozkoa, maiatzaren 15etik aurrera.
Esan bezala, Hezkuntza Sailak 1.867 plaza eskainiko ditu 2019ko lan eskaintza publikoan: 1.825 Maisu-maistren kidegoan (Haur eta Lehen Hezkuntzan), 32 Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoan (Musika Kontserbatorioak), eta 10 Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoan. 1993tik Euskadin hezkuntza arloan antolatu den lan eskaintza publikorik zabalena da.
Jarraian egiten den bosgarren lan eskaintza publikoa da 2019koa, 2015ean, 2016an, 2017an eta 2018an egindakoen ondoren. Era honetan, Hezkuntza Sailak berretsi egin du legealdi honetan urtean deialdi bat egiteko hartutako konpromisoa, orotara 5.000 plaza eskainiz.