BILBO 4 Jul. (EUROPA PRESS) -
Euskaltzaindiak munduko artelanak euskaraz adierazteko irizpide nagusiak landu eta argitaratu ditu 191. arauan, euskaraz adierazteko orduan, zalantzak izaten baitira batzuetan. https://www.euskaltzaindia.eus/dok/arauak/Araua_0191.pdf estekan kontsulta daiteke araua.
Euskararen Akademiako Exonomastika batzordetik adierazi dutenez, zalantzak argitzeko irizpide nagusiak landu ditu arauan: batetik, eraikin eta monumentuak (Lehoien atea, Alexandriako itsasargia, Luxorko obeliskoa, Piramide Makurra, Trajanoren zutabea), eta, bestetik, eskulturak bereizi dira (Eskriba Eseria, Belvedereko tortsoa, Diskoboloa, Frantziako Kameu Handia), jokabide desberdina baitute.
Halaber, artelanaren izendapenaren egitura aztertu du Euskaltzaindiak, eta osagai espezifikoa eta generikoa bereizi. Egitura horren arabera ezarri dio letra larria edo xehea izendapenaren atal bakoitzari.
Gainera, eskulturen izendapenetan azalpenak eman ditu jakiteko noiz erabili behar den izendapenaren atal generikoa letra larriz (Delfosko Auriga, Venus Milokoa) eta noiz ez (Rodasko kolosoa, Nefertitiren bustoa).
Irizpide nagusiak emateaz gain, historiaurreko eta Antzinaroko artelan nagusien zerrendak ere eman ditu arauan: guztira, 150 artelan (arte minoikoa eta mizenikoa, Mesopotamiakoa, Egiptokoa, Greziakoa eta Erromatar Inperiokoa), eta, euskarazko izendapenaz gainera, gaztelaniazkoa, frantsesezkoa eta ingelesezkoa ere.