'Ikastetxeak Belodromoan' ekimenak 6 eta 11 urte bitarteko Gipuzkoako 13.000 ikasle bilduko ditu Donostia Zinemaldian

'Ikastetxeak Belodromoan' Ekimenak 6 Eta 11 Urte Bitarteko Gipuzkoako 13.000 Ikasle Bilduko Ditu Zinemaldian
DONOSTIA ZINEMALDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 3 septiembre 2026 15:27

DONOSTIA 3 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako 6 eta 11 urte bitarteko 13.000 ikasle baino gehiago bilduko ditu Benjamin Rennerrek eta Guylo Homsyk zuzendutako 'Migrazioa, bidaia ahatezina / Migration' (2023) filmaren emanaldiak 'Ikastetxeak Belodromoan' ekimenean, Donostia Zinemaldiaren baitan. Sei emanaldi izango dira guztira, irailaren 18an eta 21etik 25era (ostirala) -biak barne hartuta-, goizez.

2019az geroztik hona Donostia Zinemaldian programatzen den hitzorduak DIPC Donostia International Physics Center zentroaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntza du.

Donostia Zinemalditik jakinarazi dutenez, zinema eta zientzia uztartzeko helburuarekin, 'Ikastetxeak Belodromoan' ekimenak hegaztien mundu liluragarrira, animalia horien migrazio ibilbideetara eta gure inguruko hezegune gogokoenetara hurbilduko ditu Gipuzkoako 80 bat ikastetxetako ikasleak. Filma euskarara bikoiztuta emango da Belodromoko pantaila erraldoian, eta euskarazko azpitituluak izango ditu gorrentzat eta entzuteko zailtasunak dituztenen pertsonentzat.

'Migrazioa, bidaia ahatezina' filmak Mallard ahate familiaren bidaia liluragarria kontatzen du. Hainbat urte euren urmaeletik urrundu gabe eman ondoren, urrutiko lurretatik iritsi berri den beste familia baten istorioek Jamaika tropikaleranzko abentura bat egitera animatuko dute Mallard familia, hara iritsi aurretik New Yorketik igarota.

Benjamin Renner marrazkilari, animatzaile eta zuzendari frantziar ospetsua da, 'Ernest et Célestine' (2012) eta 'Le grand méchant renard et autres contes' (2017) zuzentzeagatik ezaguna. Guylo Homsyk, bestalde, 'Despicable Me' (2010), 'Despicable Me 2' (2013) eta 'Minions' (2015) filmen efektu bisualen eta animazioaren departamentuan lan egin izan du, baita errealizadore gisa sortutako bere lehen filma ere -Belodromoan emango dena-.

EZUSTEKOAK

Filmaren emanaldiarekin batera aurkezpen original bat eta hainbat ezusteko ere izango dira. Edorta Unamuno Urdaibaiko Biosfera Erreserban kokatutako Urdaibai Bird Centerreko biologo eta ornitologoak inguruko paduren garrantzia eta gure padurek hegaztien migrazio ibilbideetan duten funtsezko zeregina azalduko du, batez ere Europaren eta Afrikaren arteko joan-etorrietan.

Era berean, Urdaibai Bird Centerrek hegazti txikien jarraipenerako gauzatzen dituen proiektu zientifikoak gertutik ezagutzeko aukera izango da, halako hegaztien mugimenduak eta migrazioak nola aztertzen diren deskubritzeaz gain.

Orobat, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldeko Elena Lazkanok gidatutako Pepper robot sozialak bikotea paregabea osatuko du ohi bezala Ugaitz Alegria aurkezlearekin haurrei zuzendutako festa jendetsuan. Eskoletako ikus-entzuleek Belodromoko ikono bihurtu den robotaren aparteko trebetasunez gozatu ahalko dute.

Julen Cano diseinatzaileak sortu du 'Ikastetxeak Belodromoan' ekimeneko aurtengo kartela, hegan egiten duen hegazti talde bat protagonista duena. Gainera, erakunde antolatzaileen webguneen bitartez, hegaztiak mozteko, koloreztatzeko eta hegan eginarazteko eskulan bat jarriko da eskuragarri.

Contador

Contenido patrocinado