BILBO 29 Jul. (EUROPA PRESS) -
Iker Barbero Gonzalez Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zuzenbide Fakultateko Konstituzio Zuzenbidea, Administrazio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Saileko irakasleak Adam Podgorecki 2014 Nazioarteko Saria lortu du, "goraka doan ikertzaile gisa azterketa soziolegalaren arloan lorpen bikainak eskuratzeagatik".
International Sociological Association elkarteko Zuzenbidearen Soziologiako Ikerketa Batzordeak (Research Committee on Sociology of Law RC12) duela gutxi Yokohaman (Japonia) egindako urteko biltzarrean eman zuen garaikurraren berri.
"Sari hau jasotzeak izugarri pozten nau, arrazoi askorengatik. Batetik, ikertzen jarraitzeko estimulu bat delako, eta hori zientziaren arloan oso garrantzitsua da, askotan ziurgabetasunezko bidea eta bide prekarioa dela sentitzen dugulako, bereziki nire belaunaldikook", azaldu du sarituak.
"Halaber, sariaren berri jaso bezain azkar, aurreko edizioetan nork jaso duen pentsatzen duzulako, profesionalki miresten dituzun pertsonak dira, eta bertigo pixka bat ere ematen du, saria eskuratzeak dakarren erantzukizunagatik. Eta azkenik, espero dut horrelako garaikurrek soziologia juridikoa bera eta gaur egungo gizartearen arazoak konpontzeko betetzen duen eginkizuna agerrarazteko balio izatea", gaineratu du.
EHUguneko zuzendari Joxerramon Bengoetxearekin batera, sare bat martxan jartzen ari da Barbero, "Gizarte Zientzietan eta Zuzenbidean lanean ari garen guztiok elkar gaitezen". Gainera, Oñatiko Lege Soziologiaren Nazioarteko Erakundean diziplina honetako mundu mailako aditu onenak biltzen direla azpimarratu du.
"1980ko hamarkadan institutua sortu zuen Francisco Javier Caballero Harriet jaunak Oñatin irakasten den Lege Soziologiaren nazioarteko masterra ikastera 'animatu' ninduen, eta horri esker nago ni gaur hemen. Arlo honetan urte luzez lanean jarraitu nahi dut, horixe da nire nahia", adierazi du.
Iker Barbero UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Konstituzio Zuzenbidea, Administrazio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Saileko irakaslea da. Ikerbasque ikertzaile bisitaria izan da Open Universityko Centre for Citizenship, Identities and Governance ikastegian (2011-2013).
LOTURA
Irakaslearen ikerketa ildo nagusiak lotura ezartzen du, batetik, gaur egungo herritartasun erregimen eta muga araudien eta, bestetik, etorkinen kolektiboak protagonistatzat dituzten erresistentzia ekintzen artean.
Argitaratu dituen azken lanen artean, "Globalización, Estado y ciudadanía: una análisis socio-jurídico del movimiento sinpapeles" (Betiko Fundazioa/Tirant lo Blanch 2012), "Orientalising citizenship: the legitimation of immigration regimes in the European Union" (Citizenship Studies 16, 2012) edo "Historia contemporánea de la alteridad en el Derecho de extranjería" (Revista de estudios políticos 164, 2014) nabarmentzen dira.
International Sociological Association elkarteko Zuzenbidearen Soziologiako Ikerketa Batzordeak (Research Committee on Sociology of Law RC12) urteko sari bat ezarri zuen 2004ko bileran, Adam Podgoreckik eskuratutako funtsezko lorpenen eta batzordean zuen tokiaren ohorez eta oroigarri.
Gaur egun, ikerketa soziolegaleko lorpen bikainei ematen zaie saria, dela ibilbide historiko nabarmena izateagatik, dela ikertzaile emergente baten ibilbide bikainagatik (alegia, doktoretzatik hamar urte).
Saria lortu dutenen artean daude, besteak beste, Boaventura de Sousa Santos (Coimbrako Unibertsitatea, Portugal), Volkmar Gessner (Bremengo Unibertsitatea, Alemania), Terence Halliday (American Bar Foundation), David Nelken (Maceratako Unibertsitatea, Italia), Fatima Kastner (Hamburg Institute for Social Research, Alemania), Stefan Larsson (Lundeko Unibertsitatea, Suedia) edo Vincenzo Ferrari (Milango Unibertsitatea, Italia).