BILBO, 17 (EUROPA PRESS)
Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak Euskadiko unibertsitate eta ikerketa zentroetan lan egiten duten nazioarteko 200 ikertzaile bildu ditu ostegun honetan Getxon (Bizkaia), datozen urteetan Euskadin zientzia sustatzen lagunduko duten haien arteko baterako guneak identifikatzeko eta hurrengo urteetan izango dituzten erronken inguruan eztabaidatzeko.
Izan ere, Ikerbasqueren arabera, "gero eta konplexu eta eklektikoagoa den egungo munduan, funtsezkoa da zientzian aurrera egiteko ezagutzaren hainbat diziplinatako ikertzaileen artean sinergiak eta baterako guneak bilatzea, garatzen diharduten ikerlanetan aurrera egiten laguntzeko".
Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntza sailburuordea eta Ikerbasqueko zuzendari zientifiko Fernando Cossio eta gerente Miguel Angel Arocena arduratu dira jardunaldia hasteaz.
Irekiera ekitaldian, Moraisek aipatu du Ikerbasquek 18 urte bete dituela eta, 402 ikertzailerekin, "talentua erakartzeko programarik garrantzitsuena" bihurtu dela Euskadin eta Espainiako Estatuan.
Bestalde, Cossiok ikerketaren aldeko apustuari eta inbertsioari eusteko beharra azpimarratu du; izan ere, bere iritziz, epe luzean, ikerketak produktu eta zerbitzu berriak sorrarazten ditu, euskal enpresen lehiakortasuna hobetu eta aberastasuna eta enplegua sortu ahal izateko.
"Epe laburrean, ikerketa arloko inbertsioak berehalako itzulkinak lortzen ditu Euskadira erakarritako funtsen bitartez, eta hauek ere inbertsioa eta enplegua sortzen dituzte", adierazi du.
Jarraian, lantaldeetan banatuta eta ikerketan duten esperientzia zabalaz baliatuta, Ikerbasqueko ikertzaileek egun garatzen ari diren lan ildoak aurkeztu eta beren-beregi nabarmendu dituzte egungo nahiz etorkizuneko ikerketak sustatzeko dituzten beharrak. 22 ikertzailek parte hartu dute, minbizia, neuroendekapenezko eritasunak, teknologi kuantikoak, energia edota material berriak moduko jakintza arloetakoak.