DONOSTIA 18 (EUROPA PRESS)
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) HiTZ Zentroak Latxa 3 euskarazko adimen artifizialaren ereduaren bertsio berria garatu du, informazioa bilatzeko, itzultzeko eta irudiak ulertzeko gaitasun berriekin eta arrazoitzeko nahiz programatzeko gaitasun hobetuekin.
Latxa 3k euskarazko adimen artifizialaren funtzionalitaterik aurreratuenak eskainiko ditu, doan. Plataformak dagoeneko 4.000 erabiltzaile erregistratu baino gehiago ditu, eta hirugarren bertsioa merkaturatzearekin batera, datozen hilabeteetan kopuru hori biderkatzea espero du, EHUtik jakinarazi dutenez.
Interneten informazio eguneratua bilatzea, albisteak kontrastatzea, sakelakoaarekin ateratako kartel baten testua itzultzea edo arazo konplexu bat konpontzeko laguntza eskatzea dira, besteak beste, Latxa 3k eskaintzen dituen aukeretako batzuk.
Hirugarren bertsioarekin, tresnaren gaitasunek "jauzi kualitatiboa" eman dute, oraingo Latxa "indartsuagoa" baita, irudiak ulertzen baititu, 21 hizkuntzatara itzultzen baitu eta kanpoko iturriak kontsulta baititzake erantzun eguneratuak eta fidagarriagoak emateko. Bertsio berriarekin, HiTZ zentroak "adimen artifizialarekin euskaraz aritzeko aukerak zabaldu ditu, eta punta-puntako AA laguntzaileen berezko gaitasunak doan herritarren eskura jarri ditu".
"Latxa 3rekin jauzia eman dugu punta-puntako adimen artifizialeko laguntzaileen gaitasunak euskaraz eta doan eskaintzeko. Helburua da herritarrek Latxa eguneroko behar gehiagori erantzuteko erabili ahal izatea, bai ikasketetan eta lanean, bai egunerokoan ere", nabarmendu dute HiTZ zentrotik.
Berrikuntza nagusietako bat Interneten bilatzeko gaitasuna da. Erabiltzaileak galdera egiten dionean, Latxa 3k kanpoko iturriak kontsulta ditzake, eta aurkitutako informazioa erabili erantzunak egiaztatzeko eta osatzeko. "Gaitasun horri esker, gai jakin bati buruzko azken albisteak bilatu, datu zehatz bat aurkitu edo baieztapen bat beste iturri batzuekin aldera daiteke, baita azalpen gehiago behar dituzten gaietan sakondu ere", azaldu dute HiTZ zentroko kideek.
Bertako kazetaritzak leku nabarmena du Latxaren berrikuntza honetan. EiTB, Berria eta Tokikomekin elkarlanean, haien albisteak zuzenean indexatzeko lana egin du HiTZ zentroak, Latxak bilaketetan aurkitu eta erabil ditzan. Integrazio horri esker, gaurkotasunak eta tokiko ikuspegiek garrantzia berezia dute adimen artifizialaren erantzunetan, eta horrela herritarrek gertuago izango dituzte euskarazko hedabideen edukiak.
ITZULTZEKO AHALMENA
Latxa 3k itzultzeko duen ahalmena ere hobetu da, eta guztira 21 hizkuntzarekin lan egiteko aukera eskaintzen du orain. Hizkuntza hautaketak Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartu du, eta, euskaraz eta inguruko hizkuntzetan ez ezik, bertan bizi diren migratzaileen hizkuntza nagusiak ere gehitu dira, hala nola arabiera estandarra, errumaniera, urduera eta bengalera.
HiTZ zentroko kideek nabarmendu dutenez, funtzionalitate horri esker, adibidez, familientzako eskola komunikazioak presta daitezke, elkarte bateko jardueren deialdiak itzuli edo beste hizkuntza batean jasotako mezuak ulertu. "Horrela, euskara hizkuntza komunitate desberdinen arteko eguneroko komunikazioaren abiapuntu eta helmuga bihur daiteke", adierazi dute.
Beste berrikuntza bat da irudiak ulertzeko gaitasuna. Erabiltzaileak kartel, menu edo jarraibide batzuen argazkia igo ditzake, eta Latxari eska diezaioke edukia argitzeko edo testua euskarara itzultzeko. Gainera, elkarrizketarekin jarrai dezake, xehetasunen bati buruz galdetzeko edo azalpen errazagoa eskatzeko.
Orobat, eredu berriak arrazoitzeko gaitasuna du, hainbat urrats eskatzen dituzten lanak hobeto lantzeko; esate baterako, jarduera bat antolatzeko emandako baldintzak kontuan hartu, aukera desberdinak alderatu eta proposamen bat osatzen lagun dezake.
Ikasketetan ere baliagarria izan daiteke problema baten ebazpena urratsez urrats lantzeko eta azalpen osagarriak eskatzeko. Gainera, testuinguru luzeagoekin lan egin dezake, elkarrizketan emandako informazioaz eta erantsitako dokumentuez harago datu gehiago kontuan hartuta. Hori erabilgarria da txosten luzeak aztertzeko, haien edukia kontsultatzeko eta lana aurrera doan heinean xehetasun berriak gehitzeko.
Programazioaren arloan ere aurrerapena dakar Latxa 3k, kodea sortzen, azaltzen eta zuzentzen laguntzen baitu. Horrela, ikasten ari denak errore mezuak ulertzeko erabil dezake; arlo horretan lanean ari denak, berriz, zeregin errepikakorrak arintzeko programa txikiak garatzeko laguntza eska dezake.
Gaitasun berri horiek, gainera, Latxa beste tresna batzuekin lotutako aplikazioetan erabiltzeko aukera zabaltzen dute; adibidez, informazioa bildu, dokumentu batekin alderatu eta txosten baten zirriborroa prestatzen duen laguntzaile bat garatzeko.
"Hainbat urrats eta tresna konbinatzen dituzten erabilera horiei erabilera agentikoak esaten zaie. Aukera horiek beren produktu edo lan prozesuetan landu nahi dituzten enpresek, administrazioek eta garatzaileek HiTZekin jar daitezke harremanetan: latxa.hitz@ehu.eus", jakinarazi dute EHUko zentroko kideek.
HAZTEN
Latxak dagoeneko 4.000 erabiltzaile erregistratu baino gehiago ditu. Azken hilabetean, egunean batez beste 300 elkarrizketa eta 500 itzulpen inguru egin dira, eta kopuru horiek hazten ari dira. Komunitate horren parte hartzeari esker, behar berriak identifika daitezke, eta tresna hobetzen lagundu.
Erabiltzaileak noizbehinka bi erantzun jasoko ditu, egokiena, argiena, erabilgarriena edo euskaraz naturalena iruditzen zaiona aukera dezan, eta, balorazio horiei esker, HiTZ zentroak erantzunen kalitatea ebaluatu eta etorkizuneko hobekuntzak bideratuko ditu.
Latxa epe luzerako azpiegitura ireki eta publiko baten parte da, zeinaren helburua den euskarak adimen artifizialaren garapenean bere tokia izatea. Eredua zein kodea lizentzia irekiarekin banatzen dira, eta doan erabil daitezke. Gainera, HiTZek ez ditu erabiltzaileen datuak saltzen, edo diru etekinak egiteko erabiltzen, ezta hirugarrenekin partekatzen ere, kanpoko bilaketak egiteko behar denean izan ezik. Kasu horretan, erabiltzaileen eskaeretatik abiatuta sortutako kontsultak dagokion bilaketa zerbitzura bidaltzen dira.
HiTZ zentroak herritarrak gonbidatu ditu Latxa 3 probatzera, eguneroko zereginetan erabiltzera eta haren erantzunak baloratzen parte hartzera, euskarazko adimen artifiziala elkarlanean hobetzen jarraitzeko.