DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)
Imanol Arregi Zubizarreta 'Iturbide' pandero jotzaile azpeitiarra hil da asteazken honetan, 87 urte zituela, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Iturbide 1935eko abenduaren 29an jaio zen Azpeitiko Iturbide baserrian. Pandero jotzaileen tradizio handiko familian jaioa izaki, berak zioenez, "oinordetzaz datorkit panderoa jotzearena". Plazaz plaza izen handiko soinu jotzaileekin ibili zen Euskal Herrian bezala, atzerrian ere.
Hainbat trikiti txapelketetan parte hartu zuen, eta, Iñaki Garmendia Lajarekin batera, hiru irabazi zituen 1974ean, 1975ean eta 1977an; 1985ean, berriz, Miren Etxaniz hernaniarrarekin batera aurkeztuta irabazi zuen txapela.
Disko ugaritan ere parte hartu zuen, eta bere lehen grabaketa Enrike Zelaia soinu jotzailearekin egin zuen 1972an, 'Euskalerriko Erromeria' izenarekin. 'Trikitilariak' izeneko diskoan parte hartu zuen Lajarekin batera, bai eta 'Urrestillako Trikitixa' izenekoan ere Antonio Aranaga Auntxa soinu jotzailearekin.
1970eko hamarkadan garrantzi handia hartu zuen Iturbidek, aipaturikoez gain, Amagoia Gurrutxagak Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak argitaratutako 'Iturbide, igitai jolea' liburuan dioenez, "trikitilarien managerra" ere izan zelarik.