Inauteriak bertan behera uztea erabaki du Tolosako Udalak, osasun egoera dela eta

Ehunka pertsona Tolosako inauterien txupinazoan, pandemia aurretik
TOLOSAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Publicado: viernes, 21 enero 2022 13:49

DONOSTIA 21 Ene. (EUROPA PRESS) -

Tolosako Udalak iragarri du aurten ere ezin izango direla inauteriak ospatu, covid-19aren pandemiak eragindako egoera epidemiologikoari erreparatuta eta herriari erantzun bat emate aldera, prestaketa lanak medio. Erabakia orain hartu da, teknikoki zein administratiboki inauteriak antolatzeko ezinezkoa delako gehiago itxarotea.

Olatz Peon alkateak eta Izarne Iglesias Kultura zinegotziak ostiral honetan egindako prentsa agerraldian azaldu dutenez, erabakia hartzeko sailen arteko deliberazioa egin da hiru irizpide nagusi kontuan izanda: osasun egoera, ospitaleratu kopurua eta ZIUn dauden gaixoen kopurua eta indarrean dauden neurri eta gomendioak.

Oraindik, Tolosan kutsatze tasa altua da dela iragarri dute, 6.319,59 kasuko itzidentzia metatua egiaztatutako testen emaitzen arabera. Gainera, kutsatze tasak beheranzko joera hartu badu ere, ospitaleratu kopurua eta ZIUn dauden pertsonen kopuruak altuak dira oraindik.

"Egungo osasun egoerak ez du ahalbidetzen inauteriak ospatu ahal izatea, aurten ere ez direlako betetzen inauteriak ospatzeko beharrezkoak diren osasun baldintzak", adierazi du alkateak.

Aitortu du ez dela erabaki erraza izan, "inauteriak oso jai maitatuak direlako tolosarrontzat, inauteriek batu egiten gaituztelako, berdindu". "Inauteri gogoz gaude eta jai giroan elkartzeko beharra ere badugu, baina egungo osasun egoera medio arriskutsua litzateke horrelako jai jendetsua ospatzea. Hurrengo urtean bai ohiko eran Tolosako inauteriak ospatzeko itxaropen osoa dugu", azpimarratu du alkateak.

Bestalde, Izarne Iglesiasek jakinarazi du Udala asteazkenean bildu zela inauterietan parte hartzen duten eragile guztiekin erabakiaren berri emateko, besteak beste, aisialdi taldeekin, txarangekin eta danborradako kideekin.

Jaiegunak izango dira Tolosan, lan egutegiak direla eta, eta horregatik, iaz bezala, haur eta gazteei zuzendutako programazio berezia antolatuko du Udalak: zinea, haurrentzako emanaldiak eta Topaguneko eskaintza indartuko dira, besteak beste. Datozen asteak programazio berezi hori lantzeko baliatuko ditu Udalak eta ondoren, egitarauaren berri emango da.

Contenido patrocinado