Indarkeria matxistaren aurkako salaketak %6,2 gehitu dira EAEn urtarriletik irailera

Ertzaintzaren kartela
ERTZAINTZA
Actualizado: lunes, 20 noviembre 2023 10:56

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako, etxean familiarteko batek eragindako edo sexu askatasunaren kontrako 4.879 delitu erregistratu ditu Ertzaintzak emakumearen kontrako indarkeria modu ezberdinetan 2023ko urtarriletik irailera bitartean, hau da, iazko aldi berean baino %6,2 gehiago. Gainera, Ertzaintzak delitu horien biktima izan diren 3.983 emakume zenbatetsi ditu, 2022an baino %7,7 gehiago, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren datuen arabera.

Lurraldeen arabera, kasuen eta biktima diren emakumeen kopururik handiena Bizkaian erregistratu da. Ehunekoei dagokienez, Bizkaian eta Araban %10 egin dute gora era horretako delituek, eta Gipuzkoan, aldiz, beherakada txiki bat izan da.

Ertzaintzak urtarriletik irailera jasotako salaketa kopururik handiena, orain arte bezala, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria kasuengatik jaso du (569), eta aurreko urtearekin alderatuta %7,2ko igoera izan da. Horietatik gehienak ohiko tratu txar fisikoak, irainak, laidoak eta lesioak dira, eta, ondoren, askatasunaren aurkako delituak, batez ere, mehatxuak, hertsapenak edo jazarpena.

Aurten, orain arte, bi emakume hil dituzte EAEn bikoteak edo bikotekideak: maiatzaren 16an, 50 urteko Lourdes Orion (Gipuzkoa) hil zuen bikotekide ohiak, eta, ondoren, honek bere buruaz beste egin zuen; maiatzaren 28an, 32 urteko Maialen Gasteizen hil zuen bikotekide ohiak.

Emakumeen kontrako eraso gehien izaten den bigarren ingurune nagusia etxea da (familia barruko/etxeko indarkeria, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa ez dena), eta aurten, orain arte, 836 kasu erregistratu dira, iaz baino %3,5 gutxiago, orduan 867 kasu erregistratu baitziren.

Hirugarrenik, iazko datuekin erkatuta igoera aipagarria izan da sexu askatasunaren kontrako delituen atalean: 459 kasu erregistratu dira, aurreko urtean baino ia %20 gehiago, 2022an 397 kasu erregistratu baitziren.

Gehienak sexu erasoak izan dira, eta zifra laukoiztu egin da. Horren arrazoia da, neurri handi batean, 2022ko urriaren 7an 'bai bakarrik da bai' izenez ezagutzen den legea indarrean sartu izana, sexu abusua eta erasoa parekatzen dituena. Gainera, horrek adierazten du sexu eraso larrienek ere gora egiten jarraitzen dutela: 2022an 62 erregistratu ziren eta aurten 89 gertatu dira, hau da, %43,5 gehiago.

BABESA

Une honetan, 5.616 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa salaketa egin eta poliziak biktimaren egoeraren berri izan ondoren (2.738k Bizkaian, 2.010ek Gipuzkoan eta 858k Araban). Emakume horietatik 3.619k epailearen aginduz dute babesa eta gainerakoek biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia protokoloak kontuan izanda.

Kasurik larrienetarako, hau da, arrisku handia duten emakumeentzako, bizkartzain zerbitzu iraunkorra edo puntuala ezartzen da: une honetan 39 emakume daude egoera horretan (28 Bizkaian, 6 Gipuzkoan eta 5 Araban). Kontrazaintzako zerbitzua 230 emakumek dute (136 Bizkaian, 71 Gipuzkoan eta 23 Araban).

Baliabide elektronikoei dagokienez, 136 emakumek dute 'Bortxa' aplikazioa Ertzaintzak beren telefonoetan instalatuta (64k Bizkaian, 39k Gipuzkoan eta 33k Araban), eta beste 90ek dute Ertzaintzaren gailu elektroniko bat 'Bortxa' aplikazioarekin (42k Bizkaian, 10ek Gipuzkoan eta 38k Araban). Bestalde, 93 gizonezkok daramate lokalizazio eskumuturrekoa epailearen aginduz Ertzaintzak kontrolatuta: 37k Bizkaian, 36k Gipuzkoan eta 20k Araban.

POLIZIA PROZEDURA

Ertzaintzak ertzain etxe guztietan ditu era horretako indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeaz bakarrik arduratzen diren taldeak. Horrez gain, herritarren babeserako agente bakoitzak eguneko lanaldiaren zati bat bere mugapeko emakumeen aurkako indarkeria kasuen jarraipena eta horien inguruko jarduketak egiteari eskaintzen dio.

Kasu berri bat hautematen den bakoitzean, Ertzaintzak udaltzaingoekin partekatutako espediente informatiko batean erregistratzen du. Une horretatik aurrera, Ertzaintzak babes aktiboa ematen dio biktimari, esleituta duen arrisku maila eta epaileak kasua ebatzi duen alde batera utzita.

Espediente bakoitzak kasuaren historial osoa biltzen du kronologikoki, besteak beste, elkarrizketak, salaketak, epailearen aginduak edo beste aplikazio informatiko batzuetako datuak. Kasurik larrienetan epaitegietako tramiteak errazteko eta babes handiagoa ematera iristeko, tratu txarrak jasan dituen emakumeari epaitegira laguntzen diote agenteek lehenengo tramiteak egitera joaten denean. Gizarte zerbitzuekin harremanetan egoteko bidea ere dago, tratu txarrak izaten direnean seme-alaba adingabeei arreta emateko.

Emakume bakoitzaren arriskua lau mailatan sailkatzen da: oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia. Ebaluazioa jarraitua izaten da, eta alda daiteke, beraz, biktimaren edo erasotzailearen inguruabarrak aldatzen badira. Biktima guztiei ezartzen zaien lehenengo segurtasun neurria autobabeserako prestakuntza izaten da, eta saio pertsonal batean bideo bat ikusten dute eta informazio liburuxka bat jasotzen dute. Lehenengo urrats horren ondoren, telefono bidez egiten da jarraipena aldian behin.

Leer más acerca de: