BILBO, 10 (EUROPA PRESS)
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industria jarduera %6,6 gehitu zen joan den azaroan, 2020ko hil beraren aldean eta lan egutegiko termino homogeneoetan, eta horrela, 2021eko lehen hamaika hilabeteetako balantzearen amaieran, %10,4ko igoera izan du. Gainera, urtaroen eragina zuzenduta, industria produkzioa %1,4 hazi da azaroan urriaren aldean, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Lurraldeka, azaroko industria produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da hiruretan: Gipuzkoan %9,1 gehitu da, Araban %6,9 eta Bizkaian %3,9. Halaber, 2021eko lehenbiziko 11 hilabeteetako metatuan, Gipuzkoa da hazkunderik handiena izan duen lurraldea, 2020ko aldi beraren aldean (%13,0 gora); ondoren, Bizkaia dago (%9,3) eta, azkenik, Araba (%8,1)
Azaroko indizearen bilakaera positiboa izan da EAEko industria sektore handi guztietan, 2020ko azaroarekin alderaturik. Hain zuzen, kontsumo ondasunek %17,9ko igoera izan dute, ekipo ondasunek %8,6koa, energiak %7,3koa eta bitarteko ondasunek %2,2koa.
Xehekiago, EAEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, honako hauek izan zuten urte arteko hazkunderik handiena 2021eko azaroan: elikaduraren, edarien eta tabakoaren industriek (%17,1eko igoera), makineria eta ekipoak (%15,6koa) eta energia elektrikoa, gasa eta lurrunak (%10,7koa).
Aitzitik, sektore hauek dira ekoizpenean jaitsierarik bizi izan zutenak: Kautxua eta plastikoak (-%9,6), zura, papera eta arte grafikoak (-%4,6) eta material eta ekipo elektrikoa (-%1,9).