Inoizko partaidetzarik handiena izan da R. M. Azkue Literatura Sarietan 2024an, 574 lan jaso ondoren

Miren Agur Meabe
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 13 junio 2025 12:56

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Inoizko partaidetzarik handiena izan dute R. M. Azkue Literatura Sariek 2023. urtean, 574 lan jaso ondoren, eta epaimahaiak nabarmendu du gaurkotasunez jositako gaiak jorratu direla, hala nola heriotza, feminismoa edota maitasuna.

2024ko Resurreccion Maria Azkue Literatura sariak banatu dira ostiral honetan Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon. Epaimahaikideekin batera, Miren Agur Meabe Euskaltzaindiaren idazkaria eta Koldo Bilbao BBK-ko Kultura arloko arduradunak parte hartu dute ekitaldian.

Euskararen Akademiak eta BBK-k 1991tik antolatzen dituzte sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartze asmoz. Narrazioa eta poesia saritzen dira Azkue sarietan, eta genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat), eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).

Bada, A mailan, Jon Maestre Gelado -narrazioan- eta Aner Elizondo Fanegas -poesian- gailendu dira, eta B mailan Kattin Madariaga Apaolaza izan da irabazlea narrazioan eta Naroa Asensio Gaston poesian.

Urtero bezala, aurten ere literatura munduko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. A mailan Igone Etxebarria, Jabier Kaltzakorta eta Manu Lopez Gaseni izan dira epaimahaikide, eta B mailan Castillo Suarez, Patxi Zubizarreta eta Garbiñe Ubeda.

Guztiek nabarmendu dute "lan helduak eta landuak" aurkeztu direla sarien aldi honetan, eta gaurkotasunez jositako gaiak jorratu dituztela, tartean, feminismoa, heriotza eta maitasuna.

Bere hitzaldian, Miren Agur Meabek irabazleak zoriondu ditu, eta esan du "geroko euskal idazleen harrobi emankorra" dela sariketa. Horrez gain, eskerrak eman dizkie lanak zuzentzen eta bideratzen ahalegintzen diren irakasleei, eta, bide batez, idazleen senideei, eskolan zein etxean lantzen duten irakurtzeko eta idazteko zaletasunagatik.

Azkenik, Koldo Bilbaok sariketan izan den partaidetzaren igoera aipatu du bere agerraldian, eta adierazi du BBK-k euskara eta euskal kultura sustatzen jarraituko duela etorkizunean ere.

Contenido patrocinado