'Irabazi Arte!' telesailaren denboraldi berria UEMAko kide diren 80 herritan izango da ikusgai ostiraletik

'Irabazi Arte!' Telesaila, Uemako Udalerrietan Otsailaren 14Tik
UEMA
Europa Press País Vasco
Publicado: lunes, 10 febrero 2025 14:38

BILBO 10 Feb. (EUROPA PRESS) -

'Irabazi Arte!' telesailaren denboraldi berria ikusgai izango da UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren 80 udalerritan ostiraletik, otsailaren 14tik, euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko UEMAk eta EiTBk sinatutako hitzarmenari esker.

UEMAko iturriek gogorarazi dutenez, euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko elkarlanerako hitzarmena sinatu zuen lehen aldiz iaz EiTBrekin, eta hitzarmen horren baitan, euskarazko telesail arrakastatsuenak udalerri euskaldunetako zinema eta kultur aretoetan estreinatzeko lizentzia du UEMAk.

Azaroan heldu zen hitzarmenaren lehen emaitza, eta UEMAko kide diren 80 bat udalek 'Go!azen' telesailaren denboraldi berria estreinatu zuten. Ekimenak "egundoko arrakasta" izan zuen, milaka eta milaka ikuslerekin, eta eskaintza areagotzeko beharra nabarmendu zuten udalek, "euskarazko ikus-entzunezkoek izaten duten harrera onari erantzuteko".

Horregatik, 'Irabazi Arte!' telesailaren laugarren denboraldiko lehen atala estreinatuko dute ostiralean UEMAko kide diren 80 udalerritan, udalekin eta EiTBrekin lankidetzan.

Denboraldi berriko lehen atala otsailaren 21ean izango da ikusgai ETB1en, eta haur eta gaztetxoentzako EiTBren Makusi plataforman, berriz, astebete lehenago estreinatuko dute, ostiralean. Egun horretan bertan izango da ikusgai UEMAko kide diren herrietan ere, zinema eta areto publikoetan.

'Irabazi Arte!' arrakasta handiko EiTBren transmedia proiektua da, eta telesailaz gain, baditu beste hainbat euskarri ere: emakumezko kirolari erreferenteak ezagutarazteko podcasta, Nerea Loiolak idatzitako eta Aitziber Alonsok ilustratutako komiki digital interaktiboa, eta eduki ugari sortzen eta zabaltzen duten sare sozialetako kontuak eta kanalak.

Printzesak futbol taldeko kideen gorabeherak dira telesailaren ardatza, nerabe eta gazteen ohiko kontuak islatuz, besteak beste, ikasketak, maitasuna, homofobia edota emakume izateagatik jasan beharreko gutxiespena, beti ere suspentsea elikatzen duen gidoiarekin.

HITZARMENA

Udalerri euskaldunetan euskarazko ikus-entzunezkoak are gehiago zabaltzea da UEMAren eta EiTBren arteko lankidetz hitzarmenaren helburua. Izan ere, azken ikerketek argi erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela, eta hori Euskal Herri osoan gertatzen da, baita udalerri euskaldunetan ere.

Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz UEMAk 2022an argitaratutako ikerketak ere azalarazi zuen pantailetan erdarazko edukiak ikusten dituztela batez ere haurrek, nerabeek eta gazteek, eta horrek eragin nabaria du hizkuntza ohituretan.

Hori aldatzeko "ezinbestekoa da euskarazko eskaintza zabaltzea", eta ildo horretan urrats berria egin nahi izan du UEMAk, EiTBrekin sinatu duen hitzarmena baliatuta.

Azkenik, euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza ezagutarazi eta hauspotu nahian, EiTBren Primeran eta Makusi plataformak ere sustatuko ditu UEMAk udalerri euskaldunetan.

Contenido patrocinado