Irabazi asmorik gabeko erakunde batek kudeatuko du Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunea

Izaskun Arrue Kulturguneko aretoetako bat.
GASTEIZKO UDALA
Europa Press País Vasco
Publicado: viernes, 21 octubre 2022 17:00

GASTEIZ 21 Oct. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko Udal Gobernuak ostiral honetan onartu ditu kultur arloko irabazi asmorik gabeko erakunde batek Izaskun Arrue Kulturgunea kudeatzeko deialdiaren oinarriak. Hautatutako elkarte, fundazio edo kooperatibak hitzarmen bat sinatuko du Gasteizko Udalarekin, eta ekipamendu berria ustiatuko du.

Gobernu bilerak ontzat eman duen pleguaren arabera, Ruiz de Bergara jauregian garatuko den proiektuak Gasteizen euskararen erabilera normalizatzen lagunduko du, kulturaren bidez. Ildo horretan, hizkuntzaren erabilera sustatu beharko du, baita euskarazko aisialdirako alternatibak sortu, zabaldu eta sustatu ere.

Aldi berean, udal gobernuak nabarmendu du Gasteiz Antzoki berria "herritarrei irekitako gunea" izan beharko dela, "anitza, parte hartzailea eta sortzailea".

"Izaskun Arrue Kulturguneak euskarazko edukiez gozatu eta hizkuntza ohitura berriak sortu ahal izateko gune bihurtu beharko du, baita gasteiztar guztiei irekita egongo den topagune ere. Gure hizkuntzarentzako etxe berri bat nahi dugu, sentitu, dantza egin, jendea ezagutu, ondo pasatu ahal izateko tokia", azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Kulturgunean egingo diren jarduerak hiru motakoak izango dira gutxienez: kulturalak (kontzertuak, antzerkia, bertso saioak, dantza), prestakuntzakoak (ikastaroak, tailerrak, jardunaldiak) eta ezagutza sustatzera bideratutakoak (hitzaldiak, erakusketak).

Lehiaketara aurkezten diren erakundeek lau urterako esku hartze programa bat planteatu beharko dute, eta, horrekin batera, lehen urterako programa operatiboa eta jarduera zehatzagoak. Izaskun Arrue Kulturgunea kudeatu nahi duten proiektuek 30 eguneko epea izango dute beren planteamenduak erregistratzeko, oinarriak ALHAOn argitaratzen direnetik.

Gasteizko Udalak Ruiz de Bergara jauregi berritua jarriko du hautatutako proiektuaren esku, herri jabariko emakida baten bidez. Erakunde esleipendunak azpiegiturako espazioak beste batzuei laga eta alokatu ahal izango dizkie, hala nola ostalaritza jatetxearena, jarduera horretatik sor daitezkeen diru sarrerak kultur proiektua finantzatzeko erabil daitezen. Gainera, udalak 315.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du urtero kultur proiektua eta programazioa gauzatzeko. Ekarpen ekonomikoa urtero berrikusiko da.

Ruiz de Bergara jauregia eraberritzeko lanek 2,6 milioi euroko inbertsioa izan dute. Hurrengo asteotan, gainera, lizitaziora aterako dituzte beste bi kontratu: azpiegitura berrirako altzariena eta ikus-entzunezko baliabideena.

Contenido patrocinado