Iradier Arena "erabilera anitzeko benetako espazio" bihurtuko duen ekintza plana aurkeztu du Gasteizko Udalak

Iradier Arena "erabilera anitzeko benetako espazio" bihurtuko duen ekintza plana aurkeztu du Gasteizko Udalak
GASTEIZKO UDALA
Europa Press País Vasco
Publicado: jueves, 19 junio 2025 13:47

GASTEIZ 19 Jun. (EUROPA PRESS) -

Iradier Arena "erabilera anitzeko benetako espazio" bihurtzeko IDOM ingeniaritza enpresak egin duen ekintza plana aurkeztu du ostegun honetan Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak udal batzordean.

"Kultura Sailak urrats sendoak egiten jarraitzen du Iradier Arena erabilera anitzeko benetako gune bihurtzeko, Gasteizko hiriari bultzada ekonomikoa, soziala eta kulturala emateko", esan du.

Iradier Arenak hiriko ekitaldi handiak hartu ahal izatea posible egiteko Gasteizko Udala gidatuko duen ibilbide orria da Diaz de Corcuerak aurkeztu duena, eta lau urrats izango ditu.

Lehenengoa eta bigarrena Gasteizko Udalak egin beharreko barne lanari buruzkoak dira: txosten ekonomiko-finantzario bat egitea eta lankidetza publiko-pribatua eskatuko lukeen kudeaketa eredua definitzea.

Hirugarren urratsa obra handietan beharrezkoa den laguntza teknikoa lizitatzea da, proiektuaren mugarriak arintzeko, dinamizatzeko eta betetzen direla bermatzeko, eta azkena emakida agiria lehiaketa publikora ateratzea izango litzateke.

"Ekintza planean proposatutako bide orriari jarraituz, eraikuntza proiektua, obren egikaritzea eta emakida bidezko kudeaketa lizitatuko lirateke 2026ko udarako, eta, horrela, udal agindua amaitu aurretik, Iradier Arena martxan uzteko ezarri genuen helburua beteko litzateke", ziurtatu du zinegotziak.

Halaber, 40 milioi euroko kostu zenbatetsia duen eta erreforma integrala jasotzen duen konfigurazio proposamena planteatzen du txostenak. Eraberritzea bi fasetan banatuko litzateke: batean eraikinaren egungo arazoak konpontzeko beharrezkoak diren lanak egingo lirateke, eta bestean espazioaren gutxieneko egokitzapena.

Lehen faseko obren barruan hurrengo hauek egingo lirateke: fatxada osorik eraberritzea, estalkiaren egitura berritzea, higiezinari klimatizazio sistema egokia ematea, bibrazioak kentzea, karga kaia berritzea eta etorkizunerako erabilerarik ez duten espazioak kentzea. "Esku hartze horiek ibiltzen hasteko behar den gutxienekoa izango lirateke, eta 20 milioi euro inguruko kostua izango lukete", zehaztu du.

Bestalde, beste 20 milioi euroko aurreikuspena duten egokitzapen lanak egingo lirateke. Horri dagokionez, aretoen banaketa proposatzen da, Frantziako Zenith eraikinen eredua erreferentziatzat hartuta. Ekipamendu kultural horiek anfiteatro gisa daude eratuta, eta Iradier Arenaren antzeko edukiera dute.

Inspirazio horri jarraikiz, eraikinaren erdiko espazioen egungo kokapena aldatuko litzateke, erabilera bereiziak eta, aldi berean, haien arteko sinergiak ahalbidetuko dituzten bi areto sortzeko.

Lehenengo aretoak dimentsio handiagoak izango lituzke, eta ekitaldi handiak hartzera bideratuta egongo litzateke: "Hirian eta inguruan edukiera handiena duen gune eszenikoa bihurtuko litzateke, 5.000 laguneko edukierarekin".

Beste aretoa kalitate akustiko eta erosotasun handikoa izango litzateke. "Kultura Sailarentzat oso garrantzitsua da etorkizuneko Iradier Arenak izaera kultural nabarmena izatea. Areto horrek akustika bikaina eta 1.500 lagunentzako edukiera eskainiko lituzke, eta, beraz, Gasteizi beste eskaintza mota bat hartzeko espazio bat emango lioke, adibidez: operak, kontzertu sinfonikoak, Euskadiko Orkestrarenak, Udal Bandarenak", azaldu du.

Buesa Arena bezalako beste ekipamendu batzuetatik bereizteko faktore ere izango litzateke elementu hori, eta "hiriari eskaintza anitzagoa eta kalitatezkoagoa eskaintzeko eta osatzeko" aukera emango luke.

ELKARRIZKETA ENPRESEKIN

Horrelako eraikin baten beharrak eta aukerak ezagutzen dituzten izen handiko enpresekin egindako elkarrizketak izan dira alderdi garrantzitsuenetako bat ekintza plana diseinatzeko prozesuan. Zehazki, ASM, OVG, Last Tour eta Provenue operadore eta sustatzaileekin izan dira elkarrizketak.

Iradier Arena bezalako eraikin batek merkatuari ematen zizkion aukerei buruzko ikuspegia eskatu zitzaien saioetan, ezaugarri horiek dituen esparru bat ustiatzeko modu erakargarrienetan eta tokiko merkatuaren beharretan zentratuz.

Era berean, bilerak egin dira Euskadiko Orkestrako arduradunekin, erakunde horrek aurretik egindako proiektu batek 'box in box' bat planteatzen baitzuen, hau da, zezen plazaren barruan egurrezko "kutxa" bat eraikitzea, Principal Antzokia ixtearen alternatiba gisa. Horrela, bada, orkestraren ezagutza eta interesa baliatu nahi izan dira eraikinean egin daitezkeen planteamendu alternatiboak aztertzeko.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado