BILBO 12 Jun. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeko Zuzendaritza Kontseiluak bilera egin du gaur, ekainak 12, eta Isabel Garces zuzendari nagusi berri izendatzea onartu du, Bilboko Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Garces 1984an Zuzenbidean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta 1985eko irailean Bilboko Udalean sartu zen, oposizio publikoa gainditu ondoren. Hainbat zuzendaritza kargu izan ditu, besteak beste, Emakumearen Udal Zerbitzuko Buruzagitza (1987) eta Enplegu, Emakume eta Ingurumen Saileko Zuzendaritza (1998).
2003an Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeko zuzendari gerente izendatu zuten. Kargu hori betetzen ari zela, Asociación Española de Promotores Públicos de Vivienda y Suelo (AVS) izeneko elkarteko idazkari nagusi izendatu zuten, eta erakunde horren Batzorde Betearazlearen eta Egonkorraren parte izateaz gain, AVSren Euskal Sailaren buru ere izan zen.
2011ko uztailean utzi egin zuen Udal Etxebizitzak erakundeko zuzendari kargua, Bilboko Udaleko Zerbitzu Orokorren zuzendari izateko, eta postu horretan egon zen 2012ko urtarrilean Alkatearen Bulegoko Zuzendaritzan Goi Mailako Teknikari izendatu zuten arte. Gaur Bilboko Udal Etxebizitzak Erakundeko Zuzendari Nagusi izendatu duten arte, Bilboko Udaleko Gardentasun arduradun funtzioak bete ditu.
Beste alde batetik, Udal Etxebizitzak erakundeko Zuzendaritza Kontseiluak Larraskitu auzoan (Margarita López de Maturana Dohatsua kaleko 2 zenbakian) egindako Babes Ofizialeko 44 etxebizitzako sustapenean Erreka Alde kooperatibari Babes Ofizialeko sei etxebizitza erostea onartu du. Bi logelako etxebizitzek 60na mertro koadroko azalera, garajea eta trastetegia dituzte.
Erosketaren prezioa 728.011 euro gehi BEZari dagokion %10 izan da, hau da, 800.812 euro guztira. Eusko Jaurlaritzaren Babes Ofizialeko Etxebizitzak alokairurako erosteko diru laguntzetara aurkeztuko du erosketa Udal Etxebizitzak erakundeak. Diru laguntza horiek 240.000 eurokoak izango direla aurreikusi da, eta horrela, erosketaren emaitza garbia 560.000 eurokoa izango litzateke, hau da, 93.000 euro etxebizitza bakoitzeko, dagozkion eranskinekin.
Erosketa horrekin, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak zabaldu egingo du alokairurako etxebizitza publiko parkea, 4.007 etxebizitzetara heldu arte. Erosketaren formula, sustapen masiboaren aurrean ondarea handitzeko formula alternatiboa da, higiezinen merkatuaren egoerak sustapen masiboa ezinezko bilakatzen baitu.
Erreka Alde kooperatibak Bilboko Udalari 616.132 euro ordaindu behar zizkionez (BEZ aparte), sustapena eraikitzeko orubearen erosketa dela eta, Udal Etxebizitzak erakundeak ordaindu beharreko kopurua Bilboko Udalari ordainduko zaio zuzenean.