Izaskun Ellakuriaga Bustintza kazetari iurretarra hil da 53 urterekin

Izaskun Ellakuriaga Bustinza
GEREDIAGA ELKARTEA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 17 julio 2025 11:46

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Izaskun Ellakuriaga Bustintza kazetari iurretarra zendu zen asteazken arratsaldean, 53 urte zituela, Gerediaga Elkarteak jakinarazi duenez.

Hain zuzen ere, Ellakuriaga Gerediaga Elkarteko komunikazio arduraduna eta Durangoko Azokaren komunikazio eta Marketinaren arduraduna zen, bai eta Bizkaia Irratiko esataria ere.

"Izaskun eskuzabala, ausarta eta nekaezina zen, oztopo denen gainetik pasioa eta lana arlo guztietan erakusten zuenetakoa; umore berezia zuen eta solaskide aparta zen", nabarmendu dute Gerediaga Elkartetik.

Hasierako ikasketak Iurretako eta Durangoko ikastoletan egin zituen, eta Kazetaritzan lizentziatu zen EHUn 1995ean. Unibertsitate berean Multimedia Negozioen Zuzendaritza Masterra egin zuen 2003an, eta komunikazioaren arlo ezberdinei buruzko formakuntza jaso zuen (harreman publikoak, protokoloa, ekitaldien antolaketa, gizarte sareak).

'Euskaldunon Egunkaria'-n, praktiketan, jaietako kronikak eta kultur kronikak idazten zituen eta astero bertsolaritzari buruzko kronika argitaratzeaz arduratzen zen. 'Bertsolari' aldizkarian erredakzio kontseiluan parte hartu eta artikulu batzuk idatzi zituen. Bertsotan ibilitakoa zen, Jon Lopategirekin Kanpatxu barnetegietan parte hartutakoa; bertsotan, gai jartzaile eta epaimahaikide ere ibili zen.

Durangaldeko 'Eraz' astekarian erredaktore eta zuzendari lanetan jardun zuen 1994tik 2003ra, eta ondoren komunikazioko beste esparru batzuetan lan egin zuen.

Hainbat erakundetako komunikazio aholkularia edo arduraduna izan zen, hala nola Berrizko Udalean, Durangoko Kurutziaga Ikastolak 2005ean antolatutako Ibilaldian eta 2009ko Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketan.

Iurretako Kofradiak gertutik ezagutu zituen Izaskun Ellakuriagak, eta ordezkari izateko saiakera ere egin zuen, baina emakumea izateagatik ez zuen onespenik jaso.

Ingelesa hobetzeko asmoz, 2012an Zeelanda Berrira eta Australiara joan zen, 18 hilabeterako, eta ingelesa sakondu ahala, bertako kultura eta bizitza ezagutzeko aukera izan zuen. 'Sator hegalariak' (2024) liburuan agertzen da esperientzia hori azalduta elkarrizketa mamitsu batean.

Lekukom komunikazio agentzia sortu zuen Marijo Deogracias kazetariarekin, eta irratia benetan maite zuen, 06:00etatik aurrera Bizkaia Irratian (FMko 96,7 dialean) bere ahotsa entzungai izanik.

Contenido patrocinado