GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzak 1,7 milioi euro bideratuko ditu gizarte bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko lanean diharduten pertsona fisikoek edo juridiko-pribatuek 2025ean burutuko dituzten egitasmoak laguntzeko 'Euskalgintza' deialdira, gobernu kontseiluak astearte honetan hala erabakita.
Horrela, alde batetik, 625.000 euro banatuko dira euskararen erabilera eremu ez-formaletan sustatzeko laguntzetan, eta, bestetik, 125.000 euro bideratuko dira euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte aktibazioaren bidez, hizkuntza ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzera bideratutako programa, ekintza eta jardueretara.
Orobat, 75.000 euro gorde dira euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburu duten jarduerak eta egitasmoak laguntzeko, eta 754.000 euro erabiliko dira euskararen presentzia sustatzeko ingurune digitalean.
Era berean, 35.000 euro bideratuko dira euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak laguntzera, eta 40.000 euro euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak babestera.
Azkenik, 50.000 euro banatuko dira euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoen artean, besteak beste, irakurketa eta idazketa trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura gidak.
Interesdunek hilabeteko epea izango dute beren eskaerak eta proiektuak aurkezteko deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunetik.