Jaurlaritzak hamar milioi euro inbertituko ditu lau urtetan euskaltegi pribatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzeko

Epealdi horretan %36 hobetu nahi da irakasleen soldata eta %26,5 jaitsi urteko eskola ordu kopurua

Agerraldian izan diren ordezkariak.
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 14 abril 2021 13:49

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaik hamar milioi euro inbertituko ditu datozen lau urteetan euskaltegi pribatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzeko. Horrela, lau urtean %36 hobetu nahi da irakasleen soldata eta %26,5 jaitsi urteko eskola ordu kopurua. Dirulaguntza gehigarri horren helburua da irakasleen lan baldintzak hobetzea, helduen euskalduntzean jardutea erakargarriago izateko.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta gizarte ekimeneko euskaltegien sektoreko ordezkariek euskaltegi pribatuetako finantzazio sistema berria aurkeztu dute asteazken honetan, Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan. Prentsaurrekoan parte hartu dute, besteak beste, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Isabel Isazelaiak eta Laida Beristainek, gizarte ekimeneko euskaltegien sektoreko ordezkari gisa.

Zupiriak azaldu duenez, Jaurlaritzak XII. Legegintzaldiko konpromisoen artean biltzen du "helduen euskalduntze sistemaren finantzazioa indartzea eta handitzea", irakasleen lan baldintzak hobetzeko euskaltegien finantzaziorako ohiko deialdien bidez. Bada, helburu hori betetzeko asmoa du aurkeztutako egitasmoak.

Ildo horretan, jakinarazi du azken urteetan "nabarmena" izan dela helduen euskalduntzean lan egiten duten irakasleen kopuruaren jaitsiera. Horrela, azken ikasturtean, hamar irakasletik batek utzi egin du helduen euskalduntzea. Nabarmena da baita euskaltegietan lan egiten duten irakasleen zahartze prozesua eta ordezkapena ez dela nahi bezala gertatzen ari, irakasle gazteak ez baitira behar den neurrian helduen euskalduntzean barneratzen.

Modu honetan, euskaltegi pribatuetako irakasleek, udal euskaltegietako irakasleekin alderatuz, lan baldintza eskasagoak dituzte, soldata zein lan orduei erreparatuta: bi sareetako irakasleen arteko soldata aldea ia %40koa da, eta irakasleek ematen dituzten eskola orduei dagokienez, euskaltegi pribatuetan 1.000 inguru dira, eta publikoetan, berriz, 735, hau da, %26,5 gehiago pribatuetan.

Bestalde, azaldu duenez, euskaltegietan lanean hasten diran irakasleen asmoa ez da epe luzerako izaten. Gehienek, helduen euskalduntzean lan egitea aldi baterako esperientzia hartzeko bidetzat hartzen dute eta askok urte bi igaro ondoren alde egiten dute. Halaber, euskalduntzean jarduten duen kolektiboa oso feminizatua dagoela aipatu dute: guztira 1.566 langile izanik, 1.028 emakumeak dira, bi herenetik gora.

Horiek horrela, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren iritziz, irakasle horien aitortza profesional zein ekonomikoa indartzearen premia nabarmena da, eta horretarako bide ere emango du aurkeztutako euskaltegien finantzaziorako sistema berriak.

LAU URTEAN %36KO IGOERA

Bada, gizarte ekimeneko euskaltegietako irakasleen lan baldintzen hobekuntzaren helburua da udal euskaltegietako irakasleekin dagoen aldea gutxitzea. Horretarako, gaur egun euskaltegi pribatuen urteko soldata 25.000 eurokoa izanik, ia 34.000 eurora igo nahi da lau ikasturteren buruan, hau da, %36 gehiago. Bestalde, urteko eskola orduak 1.000 ordutik 809 ordura jaitsiko dira gradualki lau urteren buruan, hau da, ia %26,5 gutxiago.

Helburu hori lortzeko Jaurlaritzak eta euskaltegietako ordezkariek aurkeztu dutena lau ikasturterako akordioa da, eta bi dirulaguntza deialdi izango ditu: lehenengoa 2021ean bideratuko da 2021-2022ko ikasturterako, eta bestea 2022an gauzatuko da eta hurrengo hiru ikasturteak babestuko ditu, hau da, 2022-2023, 2023-2024 eta 2024-2025eko ikasturteak. HABEk bideratuko ditu dirulaguntzak, egun egiten duen bezala, eta helburua da 2024-2025eko ikasturterako finantzazio publikoa %70era iristea da (gaur egun %63,3 da).

Sistema berri honetan, helburua lortu bitartean, euskaltegi pribatu homologatuek eta autoikaskuntzarako zentroek irakasleen lan baldintzen hobekuntza betetzen duten neurrian jasoko dute dirulaguntzaren gehigarria, hau da, euskaltegiaren esku geratuko da soldata igoerak erabakitzea eta horren arabera handituko du dirulaguntza kopurua HABEk.

"Jauzi kualitatibo handia emango da lau ikasturteko ekinbide hau burutzen denean: irakasleen lan baldintzak hobetu eta irakaskuntzaren kalitatea indartuko da. Helduen euskara irakasle izan nahi dutenei bidea erraztuko zaie eta egun jarduten dutenei dagokien aitortza ekonomikoa zein soziala emango zaie", azaldu du.

Azkenik, Zupiriak jakinarazi duenez, egungo osasun egoeraren ondorioak atzeman diren arren, egun euskaltegi pribatuetan 30.000tik gora ikasle daude 101 zentrotan euskara ikasten; beraz, %13 baino ez du egin behera ikasleen matrikulazioak.

"Osasun egoerak eraginda euskaltegietan irakaskuntza mistoaren aldeko apustua nabarmena da eta eskaintza presentziala eta autoikaskuntzakoa tartekatzen dira, beti ere irakaskuntza gero eta pertsonalizatuago bat eskaintzeko eta ahalik eta zerbitzu eraginkorrena emateko helburuarekin", esan du.

Contenido patrocinado