Jaurlaritzak Nazioarteko Batxilergoa ezarriko du sare publikoko hiru ikastetxetan

Jaurlaritzak Nazioarteko Batxilergoa ezarriko du sare publikoko giru ikastetxetan
EUROPA PRESS
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 23 febrero 2026 13:57

BILBO 23 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Nazioarteko Batxilergoa ezarriko du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru ikastetxe publikotan, Bilboko Botikazar BHIn, Amorebieta-Etxanoko Urritxe BHIn eta Gasteizko Unamuno BHIn, hain zuzen ere. Ikastetxe bakoitzak 27 plaza eskainiko ditu, eta, beraz, 81 plaza izango dira 2026-2027 ikasturterako.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak hiru ikastegietako zuzendaritza taldeekin batera aurkeztu du astelehen honetan Bilbon "euskal hezkuntza sistema nazioartekotzeko eta bikaintasunaren alde egiten duen hezkuntza publikoa sendotzeko estrategiari erantzuten dion ekimena".

Programa euskal hezkuntza sisteman araututako Batxilergoaren osagarria izango da, eta, ikasketak amaitzean, ikasleek titulazio bikoitza lortuko dute: Batxilergoko titulu ofiziala eta Nazioarteko Batxilergoko Diploma, mundu osoko unibertsitateek aitortua.

Prestakuntza sei ikasgai multzotan egituratuta dago: Hizkuntza eta Literatura, Hizkuntzen Jabekuntza, Gizakia eta Gizartea, Zientzia, Matematika, eta Artea. Enborra izango diren hiru osagai komun ditu: Monografia, Sormena eta Jarduera eta Zerbitzua. Gainera, ikasleek bakarkako ikerketa lan akademikoa egin behar dute, baita sormenari, jarduera fisikoari eta gizarte konpromisoari lotutako proiektu bat ere.

Pedrosak bere hitzartzean nabarmendu duenez, "curriculum programaz harago, Batxilergoko eredu honen balio erantsietako bat da pentsamendu, komunikazio, gizarte, autogestio eta ikerketa trebetasunen garapena barneratzeko aukera ematea".

Ebaluazioa etengabea eta zorrotza izango da da. Kanpo probak egiteaz gain, bi ikasturteetan egindako lanak eta proiektuak ebaluatuko zaizkie ikasleei, eta horrek "ikasleen autonomia eta pentsamendu kritikoa indartuko ditu".

Halaber, datorren ikasturtean programa emango duten ikastetxeetako zuzendaritzek ekimenarekin bat egitera bultzatu dituzten arrazoiak eta ekimena ezartzeko jarraitutako prozesua azaldu dituzte, eta horrek guztiak dakartzan betebeharrez eta ikasleengan izango duen eraginaz aritu dira.

Horrela, nabarmendu dute Nazioarteko Batxilergoko Programa eskaintzeko baimenak "konpromiso instituzionala, antolakuntza kaudimena eta profesionaltasun maila handia" eskatzen diela ikastetxeei. "Epe luzerako apustua da, planifikazio zorrotza eta egokitzapen metodologikoa eskatzen dituena", gaineratu dute.

Era berean, irakasleek prestakuntza espezifikoa eta etengabea jaso beharko dute programaren oinarri eta ikuspegi pedagogikoetan, eta, hala, programa bera modu egokian aplikatzea eta nazioarteko kalitate estandarrei eustea bermatu beharko dute.

APUSTU ESTRATEGIKOA

Nazioarteko Batxilergoa sare publikoan ezartzea Eusko Jaurlaritzaren estrategiari lotuta dago, helburu baitu hezkuntza sistemaren nazioarteko proiekzioa indartzea eta ikasleen aukera akademikoak zabaltzea.

Hezkuntza eredu horrek hainbat diziplina lotzen dituen prestakuntza sustatzen du, eta ikaskuntza autonomoa, eleaniztasuna eta kulturen arteko errespetua sustatzen ditu.

Programak, zehazki, nazioarteko pentsamoldea duten ikasleak hezten ditu, elkartasunarekin eta iraunkortasunarekin konprometituta dauden ikasleak, pentsamendu kritikoa dutenak eta ondo informatuta daudenak. Gainera, gizarte bidezkoago eta toleranteago batean prestuki laguntzeko gai izango direnak, beti ere, elkar ulertzetik eta kulturen arteko errespetutik abiatuta.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado