BILBO, 17 (EUROPA PRESS)
Joan Mari Irigoien idazle donostiarra hil da asteazken honetan, 74 urte zituela, endekapenezko gaixoaldi luze baten ondorioz. Literatur ibilbidea 1970eko hamarkadan hasi zuenetik, poesia, narratiba, biografia eta gazteentzako lanak egin zituen.
"Obra miresgarria ekarri zion euskal literaturari eta bizipoza zabaldu zuen beti ingurukoen artean", Elkar argitaletxeko iturriek nabarmendu dutenez.
Joan Mari Irigoien Donostiako Altza auzoan jaio zen, 1948an. Ingeniaritza ikasketak egin zituen eta futbolaria ere izan zen, Realeko bigarren taldean. 'Egin' egunkarian zuzentzaile lanetan aritu zen, irakasle ere aritu zen eta ETBrako gidoiak ere egin zituen. Edonola ere, batez ere idazlea izan zen bere bizitzan, eta urte askoan Elkar argitaletxeko langile izan zen.
Bere poesia lanen artean daude 'Hutsetik esperantzara' (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1975), 'Denborak ez zuen nora' (Erein, 1991), 'Hautsa eta maitemina' (Elkar, 1998), 'Letra txikiaz bada ere' (Elkar, 2002), 'Biziminaren sonetoak' (Elkar, 2004), 'Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014)' (Elkar, 2015), 'Txantxanberde kantaria' (autoedizioa, 2015), 'Sorgin-argien ehizan' (Elkar, 2022) eta 'Antologia, XX. mendeko poesia kaierak' (Susa, 2002).
Nobelei dagokienez, 'Oilarraren promesa' (Gero, 1976; Elkar, 2003), 'Poliedroaren hostoak' (Erein, 1983), 'Udazkenaren balkoitik' (Erein, 1987), 'Babilonia' (Elkar, 1989; Elkar 2022), 'Consummatum est' (Elkar, 1993), 'Kalamidadeen liburua' (Elkar, 1996), 'Lur bat haratago' (Elkar, 2000), 'Ipuin batean bezala' (Elkar, 2002), 'Odolean neraman' (Elkar, 2004), 'Orbetarrak' trilogia osatzen duten 'Bestea da mundua' (Elkar, 2008), 'Haragiaren gauak eta egunak' (Elkar, 2009) eta 'Nor bere bidean' (Elkar, 2010), 'Ur arreak, ur garbiak' (Elkar, 2011), 'Arma, tiro, bammm!' (Elkar, 2013) eta 'Derbia' (Elkar, 2019) idatzi zituen.
'Lope Agirre' (lur, 1979) biografia paratu zuen, eta gazteentzako nobelak ('Bakarneren gaztelua' -Erein, 1986-, 'Apaiz zaharraren gitarra' -Elkar, 1996-, 'com' -Elkar, 2005'- eta 'Pistolak eta epistolak' -Elkar, 2014-) eta poesia lanak ('Metak eta kometak' -Elkar, 1994-, 'Urruneko motorrak mila zaldi' -Elkar, 2012- eta 'Sasiak mendia jan' -Elkar, 2012-) ere idatzi zituen.