DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)
Johnny Deppek Donostiako Festibaleko 69. edizioko sari nagusia jasoko du irailaren 22an, Kursaaleko Auditorioan, Donostiako Festibalaren antolatzaileek astelehenean jakinarazi dutenez. Aktoreak Urrezko Globo bat irabazi du, hirutan izan da hautagai Oscar sarietan eta 'Screen Actors Guild'-en aktore onena aitorpena lortu du, besteak beste.
90 produkzio baino gehiagotan antzeztu du eta zenbait film produzitu ditu ere, hala nola, Andrew Levitasen 'Minamata' (2020), Martin Scorseseren 'Hugo' (2011), Julian Templeren 'Crock of Gold: Bebiendo con Shane MacGowan' (2020). Azken honek, epaimahaiaren sari berezia jaso zuen iazko Zinemaldian. Gainera, hainbat labur zuzendu ditu, bai eta 'The Brave' film luzea idatzi eta zuzendu ere.
Zineman estrainatu zen 21 urterekin 'Pesadilla en Elm Street' (1984) pelikulan. Bertan, Freddy Kruegerren biktima izan zen. 90eko hamarkadan irabazi zuen leku bat zineman John Watersen 'Cry-Baby' (1990) eta Tim Burtonen 'Eduardo Manostijeras' pelikuletan egindako antzezpenengatik. 1999. urtean Ohorezko Cesar saria jaso zuen.
XXI. mendean 'Piratas del Caribe' sagako Jack Sparrow kapitainaren antzezpenak arrakasta handia ekarri dio belaunaldi berrien artean (2003, 2006, 2007, 2011 eta 2017). Bestetik, 2007. urteko 'Sweeney Todd, el barbero diabólico de Fleet Street' pelikulari esker Urrezko Globoa irabazi zuen. Bere ibilbide profesionalean zehar hainbat aktore esanguratsuekin egin du lan: Penélope Cruzekin, Javier Bardemekin, Marion Cotillardekin, Leonardo Di Capriorekin, Kate Winsletekin eta Antonio Banderasekin, besteak beste.
Azkenik, aurtengoa Deppen hirugarren aldia izango da Donostian. 1998an eta iaz, 'Crock of Gold: Bebiendo con Shane MacGowan' pelikulan parte hartu zuelako, egon da gipuzkoako hiriburuan. Sariaren entregarako sarrerak irailaren 13an jarriko dira salgai. Emanaldia eta gero Manuel Martín Cuencak zuzendutako eta Javier Gutiérrezek eta Patricia López Arnaizek antzeztutako 'La hija' pelikula emitituko da. Sail ofizialeko pelikula hau, sariketatik kanpo dago.