BILBO 14 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak sustatutako Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete Bekaren hirugarren edizioko aditu batzordeak Joxan Oiz Arruti hautatu du, eta idazle donostiarrak 70.000 euro jasoko ditu eleberria idazteko, non XX. mendeko bi euskal arkitektoren historian murgilduko den.
Bekaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, laguntzaren helburua da beharrezko baldintzak eskaintzea egile batek urtebetez jardun ahal izan dezan bete-betean euskarazko literatura-proiektu bat idazten.
Batzorde ebaluatzailearen arabera, Oizek aurkeztutako proposamenak "historiaren nondik norakoak arakatzen ditu", eleberria eraikitzen baita Espainiako Estatuan mugimendu arrazionalistaren aitzindari izan ziren XX. mendeko bi arkitekturen arteko adiskidetasunaren inguruan: Jose Manuel Aizpurua, eleberriaren protagonista, eta Joaquin Labaien, narratzailea. "Biak eraikin arrazionalista ospetsuen egileak izan ziren, baina bata falangista zen eta bestea jeltzalea", dio aktak.
Idazle donostiarraren proiektuaren behin-behineko izenburua 'Arrazionalista' da, eta "konplexutasun handiko eta ñabardura ugariko eleberria izan daiteke". Aizpuruaren irudia izango du ardatz, 1936an fusilatu aurreko egunetan kontraesanez betetako "ertz ugariko pertsonaia". Gerraren hurbiltasunak markatutako Donostiako giro kultural eta politikoan barneratzen da, eta narrazioan uztartuko ditu artearen inguruko eztabaida eta garaiko gertaera politiko eta sozialak.
Joxan Oizek planteatu duen kontakizunak Jose Manuel Aizpuruaren bizitzan oinarri izan ziren bi alderdiak ditu ardatz: bultzatu zuen arrazionalismoaren eredu arkitektoniko abangoardista eta militantzia falangista. "Jakin-min handiko gizona izan zen, eta jakin-min horren barruan sar zitezkeen Le Corbusier, Picasso, Dalí eta José Antonio Primo de Rivera gisako figurak", aurreratu du idazleak.
Bere proiektuak arkitekto donostiarraren azken urteetako ibilbidea aztertu eta fikzionatu nahi du. Ñabardura askotariko figura izan zen, eta praktikatzen zuen mugimendu artistikoaren oso bestelako ideologia zuen: "Aizpuruak arkitektura abangoardista berria bilatzen zuen, estilo erromantikotik aldendua, aferak izan zituen abertzaletasunarekin eta, azkenean, Espainiako falangearen parte izan zen. Paradoxa horren inguruko fikzioa egin nahi dut, eta aldi berean, artistaren lanaren eta gizonaren ekintzen arteko dikotomiari buruz hausnartu".
JOAQUIN LABAIEN
Dualtasun hori aztertze aldera, Joxan Oizek historiaren narratzailea beste arkitekto bat izatea pentsatu du, Joaquin Labaien, Aizpuruaren lagun eta bazkidea. "Labaienen ahotsaren bidez Aizpurua aurkitzea interesgarria da. Biak dira 1929ko Donostiako Klub Nautikoaren egileak, Europako arrazionalismoaren ikurrarenak, eta arkitektura estudio bat ireki zuten elkarrekin Donostiako Prim kaleko 32. zenbakian", azaldu du idazleak.
Bere hitzetan, "arrazionalismo arkitektonikoan bat zetozen arren, arlo ideologikoan antipodetan zeuden, Labaien abertzalea baitzen, eta Antonio Maria Labaien idazle eta EAJko politikariaren anaia. Horrenbestez, narrazioaren ahotsa Aizpuruaren pertsonaiaren kontrapuntua izango da, ahots lasai eta sosegatuagoa, protagonistaren alderik ganberroena eta ikonoklastena azalduko duena, bien arteko adiskidetasun istorioa garatzen duen bitartean".
Aldi berean, egileak Aizpuruaren konplexutasuna islatuko du, eta, diotenez, haren lagun minak izan ziren pertsonaia historikoak barne hartuko ditu, hala nola Federico García Lorca eta José Antonio Primo de Rivera.
"Hiru intelektual izan ziren, hiru lagun min, hiru fusilatu; gerrak zapuztu zituen haien bizitzak. Oraindik ez dakit nola garatuko dudan eleberriaren atal hori; agian, beste plano narratibo bat sartuko dut. Edonola ere, haien arteko harremanaz haratago, kontatu nahi dut lotura horiek agerian uzten dituztela joan den mendeko 30eko hamarkadako kultura-jardueraren eta politikaren artean izandako harreman nahasiak", azaldu du Oizek.
Proiektuaren lehen hiru hilabeteetan, 1920ko eta 1930eko hamarkadetako kultura-abangoardiei buruzko dokumentazio eta ikerketa lana egingo du idazleak, baita horiekin lotutako zenbait mugimendu politikoren, arkitektura arrazionalistaren eta 1930eko hamarkadako Espainiako egoera politiko-kulturalaren azterketa ere. Aldi berean, zirriborroarekin hasiko da.
JOXAN OIZ ARRUTI
Joxan Oiz Arruti Donostian jaio zen, 1968an. Euskal Filologia ikasi eta lizentziatu ondoren, Argia aldizkarian eta Euskaldunon Egunkarian kultura sailean aritu zen kazetari, erredaktore, atalburu eta, ondoren, zutabegile. 1992. urteaz geroztik historia, euskara eta literatura irakasle da Donostian, Tolosan bizi den arren.
Irakaskuntza eta idazteko bokazioa uztartzen ditu, eta zenbait eleberri idatzi ditu. 2006an 'Beñat Dardo' argitaratu zuen, Bernard Etxepareren bizitzari buruzko fikziozko birsorkuntza historikoa, eta 2025ean nobela beltzaren generoan estreinatu zen 'Amazurtza' lanarekin, XIX. mendeko Donostian girotua.