BILBO, 21 (EUROPA PRESS)
Juan Pérez Agirregoikoa donostiarrak akrilikoz eta ikatz-ziriz egindakoa eta hamar metro luze eta lau metro zabal den pintura bat jarri dute ikusgai, modu iraunkorrean, Bar Guggenheim Bilbao tabernan. 2014ko martxoan irekitako gune horri arte balioa gehituko zaio horrela, museoko arduradunek aurkezpenean nabarmendu dutenez.
Margolanaren izenburua "La forêt des maîtres-sots" da, eta ia osorik hartu du tabernako goialdeko horma bat; gune horretatik itsasadarrerako ikuspegi bikaina dago. Artistak giza jokabidearen inguruko hausnarketa gauzatu du lan horretan, "ikurrez eta politikaren eta filosofiaren alorreko osagaiez betetako gaueko baso batean".
"Basoak interesa piztu zidan, bertan irudimenezkoak biltzen baitira, loturak sortzen baitira. Era berean, interesa neukan gauean, iluntasunaren babesean, enbor batean honakoa irartzean: zitalek (knaves) leloak (fools) maite dituzte eta leloek ere zitalak maite dituzte", azaldu du artista donostiarrak.
Juan Pérez Agirregoikoa (Donostia, 1963) Arte Ederren ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Filosofia ikasketak Paris VIII unibertsitatean; Parisen bizi da harrezkero. Diziplina asko landu ditu, besteak beste, marrazkigintza, pintura, animazioa, bideogintza, pankartak, ur margoa eta argazkigintza.
Behin eta berriro, proiektu bati ekitean, estilo zehatz batetik aldentzen da. "Instalazio bilakatutako proiektua" (Proyecto convertido en instalación), orain arteko ikusizko proiektu handiena, Guggenheim Bilbao Bilduman dago 2007tik.
Mundu osoko museo eta galerietan lanak izan ditu ikusgai, hala nola Museo Reina Sofían, Anberesko MUHKAn, Gasteizko Artiumen, Madrilgo Casa Encendidan, São Pauloko MAMen eta Lyongo (Frantzia) eta São Pauloko (Brasil) bienaletan.
TABERNA
Arte proiektu hau jartzeak Bar Guggenheim Bilbao tabernari arte balioa gehituko dio; beste museo batzuetako taberna eta jatetxeek ere horrelakoak dituzte, esaterako, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoan Liam Gillick artista ingelesaren lan bat dago, Düsseldorfeko K21 museoko tabernan Jorge Pardoren kubatarraren beste bat, "eta horrek erreferente bihurtu du". Pérez Agirregoikoaren lana Guggenheim Bilbao Museoaren ikerketarako funtsei gehituko zaio, haren artapena ziurtatzeko.
Bar Guggenheim Bilbao tabernak bi solairu ditu, eta egunero dago irekita -astelehenetan izan ezik-, 09:30etik 20:30era. Etxeko gozoak eskaintzen ditu gosaltzeko eta askaltzeko, bai eta entsaladak, ogitartekoak eta pintxoak. Uztailean eta abuztuan taberna eta terraza egunero egongo da zabalik, baita astelehenetan ere, museoaren gainerako guneak bezala.