BILBO 18 (EUROPA PRESS)
June Crespo artista iruindarrak Lyongo 18. Biennale de Lyon - Art contemporain erakusketan hartuko du parte Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin, euskal sorkuntza garaikidearen nazioartekotzea sustatzeko Zabal programaren baitan. Bienala larunbatean hasiko da, irailaren 19an, eta abenduaren 13ra arte bisitatu ahal izango da.
Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, lehenbizikoz 1991n egin zen Lyongo ekitaldi, arte garaikidearen alorrean Frantzian egiten den nagusienetakoa da, eta nazioarte mailan erreferentziazko hitzordu bilakatu da. Edizio bakoitzean herrialde ezberdinetako artistak biltzen ditu hirian zehar ikus daitezkeen hainbat erakusketatan.
Eskulturaren bidez, June Crespok gorputzaren, arkitekturaren eta materiaren arteko harremanak aztertzen ditu. Hormigoia, erretxina, metala eta aurkitutako elementuak erabiltzen ditu, besteak beste, eta moldekatze, zatikatze eta mihiztatze prozesuen bidez organikoaren eta industrialaren artean mugitzen diren formak sortzen.
Egitura ireki eta aldakorren bidez "bere lanek oreka eta eraldaketa tentsioan jartzen dituzte". Artista iruindarrak arreta berezia eskaintzen die eskalari, hurbiltasunari eta gorputzek espazioa bizitzeko duten moduei, baita espazioak gorputzak baldintzatzeko duen gaitasunari ere. Gaur egun, Bilbon bizi da, eta bertan egiten du lan.
Azken urteotan bakarkako erakusketak aurkeztu ditu hainbat erakundetan, hala nola Guggenheim Bilbao Museoan, Madrilgo CA2Mn, Artium Museoan, Vienako Secession-en, Ivry-sur-Seineko Le Crédace-n, Turingo Fondazione Sandretto Re Rebaudengo-n eta Kunsthalle Lissabon-en. 2022an, gainera, Veneziako 59. Bienaleko erakusketa nagusian hartu zuen parte, 'The Milk of Dreams' izenekoan.
Bere praktikak bat egiten du Lyongo Bienalaren aurtengo edizioa zeharkatzen duten zenbait ildorekin. Catherine Nicholsek komisariatutako 18. edizioak 'Passer d'un rêve à l'autre' du izenburu (Amets batetik bestera igarotzea), eta pasabidearen ideia hartzen du abiapuntu. Horretarako, Lyongo 'traboules' direlakoetan inspiratzen da, hau da, hiriko kaleak, patioak eta eraikinak lotzen dituzten barne pasabideak.
Irudi horretatik abiatuta, bienalak bizitza kolektiboa egituratzen duten harremanen, trukeen eta zirkulazio moduen inguruko gogoeta proposatuko du. Erakusketa Lyongo eta bere inguruko hainbat egoitzatan banatuko da, besteak beste, Lyongo Arte Garaikideko Museoan, Les Grandes Locos-en eta Ehunen eta Dekorazio Arteen Museoan.
ZABAL PROGRAMA
June Crespok Lyonen izango duen parte hartzea Zabal programaren baitan dago. Etxepare Euskal Institutuak 2019an jarri zuen martxan programa, euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa sustatzeko eta nazioarteko arte testuinguruarekin dituen loturak sendotzeko.
Egitasmoaren helburua da artisten, profesionalen, eragileen eta erakundeen artean epe luzerako lankidetza sareak garatzea, eta nazioarteko komisario, arte kritikari eta erakundeetako arduradunek euskal arte testuingurua zuzenean ezagutu dezaten erraztea. Programa abiatu enetik, Etxepare Institutuak arte garaikidearen nazioarteko bienal eta hitzordu nagusietako batzuekin loturak sortu ditu. June Crespok berak Veneziako Bienalean hartu zuen 2022an, programa honen testuinguruan.
Halaber, June Cresporen Lyongo parte hartzea 'Ça colle au basque' ekimenarekin lerratzen da. Etxepare Euskal Institutuak sustatutako ekimen horren helburua da euskal kulturak eremu frankofonoan duen presentzia eta proiekzioa indartzea.
Ekimenak hainbat lankidetza kultural eta profesional bultzatzen ditu Frankofoniako erakunde, jaialdi eta eragileekin, euskal sorkuntzak eremu horretan presentzia iraunkorragoa izan dezan.
Horrenbestez, June Cresporen Lyongo partaidetza Zabal programaren bidez sustatutako arte plastiko eta bisualen nazioartekotzea eta euskal kulturak eremu frankofonoan duen proiekzioa indartzeko estrategia zabalagoa uztartzen ditu.