Kerman Lejarraga, Maria Redondo eta Ainhoa Etxebarria, Euskal Kirolari proiektuaren protagonista berriak

- IREKIA

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 26 septiembre 2019 14:56

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Kerman Lejarraga boxeolaria, Maria Redondo 'Goazen' telesaileko aktorea eta Ainhoa Etxebarria aurkezlea izango dira protagonista Euskal Kirolari proiektuaren denboraldi berrian. Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak eta Jarduera Fisikoa eta Kirol Zuzendaritzak babestutako ekimenaren helburu nagusia euskara kirol munduan sustatzea da, bereziki gazteen artean.

Bere sustatzaileek jakinarazi dutenez, proiektuak bere hirugarren denboraldiari ekin berri dio, ikasturtea hastearekin batera. Aste honetan bertan zabaldu da sasoi berriko lehen bideoa, eta Kerman Lejarraga boxeolari morgarra da lehen protagonista. Denboraldi berriko lehen bideoa hemen ikus daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=qvD0ZY8Gy2c&feature=youtu.be

Lejarragarekin batera, denboraldian zehar beste hainbat kirolarik azalduko dute nola bizi duten euskara beren kiroletan. Aurtengo berritasun nagusietako bat da ez dela aurkezle bakarra izango. Horrela, Egoitz Txurruka 'Txurru'-rekin batera, beste hainbat lagun arituko dira aurkezpen lanetan: Ainhoa Etxebarria aktore eta aurkezlea, Maria Redondo abeslari eta 'Goazen'-eko aktorea, Xabin Fernandez kazetaria edota Aiora Mujika youtuberra azalduko dira Euskal Kirolari programaren sasoi berrian.

Denboraldi berriko lehen bideoan, Kerman Lejarragak boxeoaren arau eta xehetasunak azaldu dizkio Aiora Mujikari, eta nabarmendu du kirol honetan "entrenamendua, laguntasuna, osasuna eta dibertsioa" direla nagusi. Halaber, estreinatu berri diren beste bideoetan Xabin Fernandez kazetaria Stand Up Paddle-arekin ausartu da Debako Yako Surf Eskolan eta Egoitz Txurrukak hondartza boleibol klase bat jaso du Aitor Lizarazu Bera Berako jokalariaren eskutik. Datozen asteotan bestelako diziplinak agertuko dira Euskal Kirolarin, hala nola entrenamendu funtzionala, Iñi Vicens entrenatzailearen eskutik, edota yoga, María Redondorekin.

EUSKARA KIROL MUNDUAN

Euskal Kirolariren helburu nagusia euskara kirol munduan sustatzea da, bereziki gazteen artean, eta horretarako bi ardatz nagusi ditu: teknologia berriak eta kirolaren munduan erreferentzia izan daitezkeen pertsonak. Horrela, bideo laburren eta sare sozialen bitartez, kirolari ezagunek euskarak beren kirol jardueran duen pisuaz eta garrantziaz hitz egiten dute, eta terminologiaren inguruko aholkuak ematen dituzte. Ondoren, material hori guztia sare sozialetan, eskola kirolean eta kirol federatuan zabaltzen da.

Proiektuaren lehen fasean parte hartu zuten Aritz Aranburu surflariak, Mikel Landa txirrindulariak, Nerea Perez arraunlaria, Kepa Arrizabalaga futbolariak, Matxalen Ziarsolo eskubaloi jokalari ohiak, Julen Goia errugbi jokalariak eta Iñigo Martinez futbolariak.

Bigarren denboraldian agertu zirenen artean, Imanol Agirretxe eta Xabi Prieto futbolariak, Alex Anasagasti crossfit-eko kirolaria, Basque Team taldeko Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea, Esther Arrojeria Bera-Bera eskubaloi taldeko kapitaina, Markel Alberdi igerilaria (Basque Team), Helene Alberdi eta Ainhoa Murua triatloilariak (Basque Team) edota Asier Garcia (Basque Team) gurpildun aulkiko saskibaloi jokalaria dude.

Proiektuaren baitan grabatu diren eta grabatuko diren bideo guztiak Euskal Kirolari programaren Youtube-ko kanalean kontsulta daitezke, bai eta http://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/euskal-kirolari/ webgunean ere.

Contenido patrocinado