Koldo Mitxelena Kulturuneak 20 urte bete ditu eta programazio berezia prestatu du

Koldo Mitxelena Kulturuneak 20 urte bete ditu
Foto: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 17 diciembre 2013 22:00

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak, Gipuzkoako Foru Aldundiko kulturune eta liburutegiak, 20 urte bete ditu, 1993ko azaroaren 5ean ireki baitzituen ateak, eta urtemuga ospatzeko programazio berezia hasiko du astearte honetan, azaroaren 5ean, kaleko ikuskizun, musika, poesia edo dantza saioak eskainiz.

   Ikerne Badiola Gipuzkoako Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak prentsaurrekoan adierazi duenez, 20 urte igaro ondoren, kulturuneak bere gain hartu du berritzen joateko erronka, "gero eta aldakorragoa den errealitatera egokitzen joateko". "Pertsona askoren lanari esker", eta "zarata" asko atera gabe, Koldo Mitxelena Kulturunea Gipuzkoako erreferentzia leku bihurtu dela nabarmendu du Badiolak.

   Horrela, gaur egun, kulturuneko liburutegiak 350.000 agiri baino gehiago ditu eta Euskal Herriko garrantzitsuenetakoa da. Balore handiko fondoak ditu, besteak beste, Julio Urkixo, Busca Isusi, Gabriel Celaya, Carlos Santamaria, Sastre-Forest, Antonio
Zabala edo Koldo Mitxelena Elissaltenak.

   2001ean liburutegiko ondarea digitalizatzen hasi zenetik 13.800 agiri daude on line eskuratzeko moduan, 2.306.000 orrialde izatera iritsiz. 20 urte hauetan 84.000 bazkide txartel egin dira eta 12 milioi sarrera irten kontabilizatu dira. Gehien mailegatu den liburua Michael Conellyren "Luz perdida" izan da (112 aldiz), eta diskorik mailegatuena, berriz, Mikel Laboaren "60ak+2" (101 aldiz). Euskarazko maileguen artean gehien mailegatutakoa Karmele Jaioren "Amaren eskuak" izan da (76 aldiz).

   Halaber, jende guztiarentzat irekitako gune bat izan da, non 194 erakusketa eta era desberdinetako 2.400 kultura jarduera egin diren, Gipuzkoako  gizartearen bilakaeraren lekuko izatera iritsiz. Erakustaretoan, Gipuzkoako arte garaikideari eskainitako lehenengoetakoan, lehen mailako 84 erakusketa egin dira; ganberan, berriz, euskal kulturari eta euskal artistei zuzendutako gunea izaki, 110 erakusketa egin dira.

ERRONKA BERRIAK

   Atzera begiratu eta erabiltzaileei eskerrak ematearekin batera, etorkizunari begiratu behar zaiola adierazi du Ikerne Badiolak. "Urteurren hau etorkizunari buruz hausnarketa egin eta erronka eta errealitate berriei erantzuna emateko baliatu behar dugu. Hori da guretzat garrantzitsuena, hori da, 20 urte beranduago, guri egokitu zaigun eginkizuna", esan du.

   Zentzu horretan, hiru egitasmo zerrendaratu ditu. Lehenengoa, Koldo Mitxelena Kulturunea Euskal Herriko komikigintzan erreferentzia gune bilakatzea eta alor horretan dagoen hutsunea betetzea Gasca funtsaren erosketarekin irekitako bidea jarraituz. Funts hori euskal komikiekin osatzen joango da Koldo Mitxelena Kulturunea, eta bilduma hori gizarteratzeko espazio bat sortuko da Liburutegian. Bestalde, gaur egun funts hori gordetzen den lekua, Errege Katolikoak kalean, aurkezpenak egiteko irekiko da.

   Bigarren egitasmoa da liburutegiaren funtzioak, zerbitzuak, baliabideak eta funtsak migrazioa, aniztasuna eta berdintasunaren ikuspuntutik lantzea. "Gure errealitatea ez da duela 20 urtekoa. Dozenaka hizkuntza eta kultura ditugu gure gizartean, eta publiko profil berriak hurbiltzen dira Liburutegira. Integrazioaren eta aniztasunaren bidean paper garrantzitsua joka dezake", esan du Badiolak.

   Era berean, Berdintasuneko Zuzendaritzarekin elkarlana estutuko da eta berdintasunaren ikuspegitik liburutegiko funtsak aztertu eta balioan jarriko dira. Azkenik, elkarlan dinamika sustatuko da digitalizazioaren alorrean irizpideak bateratzeko eta Euskal Herriko liburutegien eduki digitalizatuak errepositorio bateratu batean eskaini ahal izateko. Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegiaren kasuan dagoeneko akordioa sinatuta dago Europeana, Europako liburutegian funts digitalizatuen errepositoriarekin, eta
2014 hasieran Liburutegiko funtsak Europenan egongo dira ikusgai.

#LIBURUBATISTORIO BAT

   Kulturunearen 20. urteurrenaren aitzakiarekin, ekintza berezi bat antolatu da hiritarrekin harremana estutzeko. Badiolank azaldu duenez, denok dugu gogoan liburu berezi bat, "amets eginarazi zigun liburu bat edo erabaki garrantzitsuak hartzera animatu gintuena edo mundua pixka bat hobeto ulertzen lagundu ziguna".

   Orain, urtemuga dela eta, liburu berezi horiek guztiak bildu nahi ditu espazio bakar batean, eta horretarako hiritar guztiei eskatzen die beren liburu kuttuna kulturunearekin partekatzeko liburu horren argazkia Instagramen partekatuz #liburubatistoriobat traolarekin, posta elektronikoz bidaliz liburubatistoriobat@gmail.com helbidera edo liburutegian bertan jarriko den txokoan argazki bat ateratzen.

   Bakoitzarentzat garrantzitsuak diren liburu horiekin guztiekin gune berezi bat sortuko da liburutegian. Azaroaren 25etik aurrera gune hori bisitatu ahal izango da, liburuak irakurri edo maileguan eramateko. Ekintza astearte honetan hasiko da eta egun berean argitaratuko den
webgune berezia jarri da martxan: www.liburubatistoriobat.com

PROGRAMAZIO BEREZIA

   Koldo Mitxelenaren 20. urteurrena ospatzeko programazio berezi bat egingo da astearte honetan hasita. Horrela, Dantzaz konpainiak "Ni espioi" kaleko ikuskizuna aurkeztuko du Koldo Mitxelenaren aurrean.

   Halaber, asteazkenean, azaroaren 6an, Kukai konpainiak "Gelajauziak" antzerki lana eskainiko du, eta Antton Valverderen eta Anjel Lertxundiren musika eta poesia errezitaldia izango da ondoren areto nagusian: "Hiru L-ak (Lizardi, Lauaxeta, Lete)".

   Ostegunean azaroaren 7an, Ados Teatroak "Xuxurlariak" kaleko ikuskizuna aurkeztuko du, eta areto Nagusian musika eta poesia errezitaldia izango da Patxi Santamariarekin eta Napoka Iria taldearekin. Felipe Juaristik prestatutako antologia bat izango da.

   Azaroaren 12an, Teresa Calo, Rafa Berrio eta Ainara Legardon arituko dira musika eta poesia errezitaldian, Jon Obesok prestatutako antologia batekin. Biharamunean, Itziar Okarizek Virginia Wolfen "Gela bat norberarena" performancea aurkeztuko du, eta ondoren, Asier Zabaletaren dantza emanaldi bat izango da, "Joan zaretenei adio" izenburupean.

   Gainera, erakusketa aretoan ikusgai egongo dira 20 urte hauetan egindako erakusketa guztien katalogoak eta bideoak. Ekintza guztiak doan eta libre izango dira.

Contenido patrocinado