BILBO 30 (EUROPA PRESS)
Euskalgintzaren Kontseiluak babesa adierazi dio ELA, LAB eta Steilas sindikatuek 'Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde' lelopean maiatzaren 9rako Bilbon deitu duten manifestazioari, eta herritar guztiei dei egin die bertan parte hartzera.
Era berean, Kontseiluak bat egin du euskararen erabateko ofizialtasun beharrarekin eta enplegu publikoan gaztelania eta euskara parekatzeko aldarrikapenarekin, euskararen normalizazioaren eta herritar guztion hizkuntza eskubideen berme.
Kontseilutik jakinarazi dutenez, sindikatuen manifestazioa Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den momentuan dator, "administrazioaren euskalduntzearen kontra azken urteetan auzitegietatik eta beste estamentu batzuetatik abiatutako oldarraldi antolatuari eta legediaren berrinterpretazio murriztaileen bidez eragindako euskararen desofizializazio prozesuari erantzunez".
Izan ere, gogorarazi dutenez, euskalgintzak, sindikatuek eta gizarte eragileek "sarritan salatu dituzte hizkuntza politika erabakitzeko, baldintzatzeko eta oztopatzeko eskumena bereganatzeko botere judizialaren saiakerak, besteak beste, lan deialdi publikoetan gutxienekoa zen derrigortasun indizea gehienezko bilakatuz, hainbat egonkortze prozesutan euskara ezagutzeko beharra ezabatuz zein, Udal Legearen aurkako sententziarekin, udalerri euskaldunek euskara lehenestea edota euskaraz funtzionatzea oztopatuz".
Horrela, Kontseiluak alderdi euskaltzaleei eskatu die Eusko Legebiltzarrean aurrera eramaten ari den eztabaidaren emaitza euskara eskakizuna gutxienez gaztelaniaren maila berean jartzea izan dadila, eta langile publiko guztiek euskararen ezagutza izango dutela bermatzeko adostasun bat erdietsi dezatela.
Horretarako, "euskaraz bizitzea posible egingo duen arkitektura juridiko berri bat" aldarrikatu du, eta gogora ekarri du duela urte batzuk Kontseiluak, ELAk eta LABek EAEko sektore publikoa 15 urtean euskalduntzeko aurkeztu zuten proposamen adostua.
INDARRA KALEAN ERAKUTSI
Kontseiluaren arabera, "euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi dugun larrialdi linguistikoaren aurrean, garrantzitsua da gizarte eremu guztietatik euskararen normalizazioaren aldeko ekarpena egitea eta indar hori kalean erakustea".
"Horrexegatik, herritar eta langileen hizkuntzaeskubideen aldeko sindikatuen ekimena txalotzen dugu, gainerako eremuetako eragileei ere dei egiten diegu euskararen aldeko ekimenak antolatzera. Jauzi bat behar dugulako. Guztiagatik, euskaltzaleei dei egiten diegu maiatzaren 9an ELA, LAB eta Steilas sindikatuek antolatutako manifestazioan parte hartzera", adierazi du.
Amaitzeko, Kontseiluak nabarmendu duenez, "larrialdi linguistikoan gaude, eta euskararen aurkako oldarraldi antolatua Euskal Herri osoan ari da gertatzen bortizki". "Euskararen auzia lehen lerrora ekartzeko unea da, euskaltzaleon garaia, euskarari pizkunde berri bat emateko aroa", gaineratu du.
Horregatik, Kontseiluak norbanako eta euskaltzale guztiei dei egin die ekainaren 13an Iruñeko Euskaltzaleon Martxan parte hartzeko, 'Euskaraz bizitzeko behar den dena' aldarrikatzeko.