Kontseiluak Iruñeko kaleak betetzera deitu du ekainaren 13an 'Euskaltzaleon Martxa' lelopean

Kontseiluak Iruñeko kaleak betetzera deitu du ekainaren 13an 'Euskaltzaleon Martxa' lelopean
EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 11 marzo 2026 13:26

BILBO 11 (EUROPA PRESS)

Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñeko kaleak betetzeko mobilizazio jendetsua antolatu du ekainaren 13rako, 'Euskaltzaleon Martxa' lelopean, joan den abenduaren 27an Bilbon egindako ekitaldian iragarritako hitzorduari jarraipena emanez. Deialdiaren helburua euskararen aldeko arnasa soziala hauspotzea eta hizkuntza politiketan beharrezkotzat jotzen den jauziari bultzada ematea da.

Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, AEK, Elkar, Euskal Herriko Ikastolak, Berria, Taupa Mugimendua, EHE, Hezten, EMUN, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Zenbat Gara eta Errigora elkarte eta ekimenetako ordezkariak izan dira asteazken honetan Bilbon martxaren xehetasunak azaltzeko prentsa agerraldian.

Hasteko, Iruñeko mobilizazioa 2024an abiatutako ildoan kokatu du Kontseiluak, hau da, "euskararen egungo larrialdi linguistikotik indarraldira eramateko bidean, pizkunde berri baten premia gizarteratzea". Izan ere, Kontseiluaren arabera, gizarteko esparru zabal batean partekatutako diagnostikoa da "euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuko azken hamarkadetako susperraldia moteltzen ari dela".

Horren aurrean, azken urteetan behin eta berriz nabarmendu dute hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko beharra. Kontseilua osatzen duten askotariko erakundeen eta Kontseiluak berak eratutako ' Batuz Aldatu' dinamikarekin bat egin duten ia 150 eragile sozialen ustez, "argiak" dira jauzi horren oinarriak: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilera normalerako baldintzak sortzea.

Hala ere, Kontseiluak nabarmendu du euskararen biziberritzea eraldaketa sozialeko prozesu bat dela, eta, ondorioz, "herritarren eta gizartearen inplikazioa ezinbestekoa" dela aurrera egiteko. Horregatik, mobilizazioaren bidez gizarte mugimendu zabal baten beharra azpimarratu nahi dute, "euskaltzaletasunaren giharra indartzeko".

Joan den abenduan Bilbon egindako ekitaldia "pizkundearen ideia gizarteratzeko eta kulturak prozesu horretan duen garrantzia azpimarratzeko gunea" izan zen. Iruñeko hitzorduan, berriz, "herritarren ekarpena izango da ardatza", eta "euskaltzaletasuna egunerokoan nola landu eta sustatu azpimarratuko dute".

Kontseiluak gogorarazi du historia garaikidean euskara "kinka larrian" izan dela beste une batzuetan ere, baina "euskaltzaletasunak ekarri duela bizirik gaurdaino". Beraz, nabarmendu du badela "harro egoteko motiborik", eta, egungo egoera zaila izanagatik, badela "itxaropenerako arrazoirik". "Ekainaren 13an Iruñea, euskararen eta euskaltzaleen bizi indar horren erakustaldi izatea da mobilizazioaren xedea", adierazi dute.

HIRU ZUTABE

Mobilizazioa arratsaldez egingo da, ekainaren 13an, larunbatarekin, eta Iruñeko kaleak betetzeko hiru tokitan elkartuko dira herritarrak. Oraindik zehaztu gabe dauden toki horietatik hiru zutabe abiatuko dira, ekitaldi nagusia burutuko den gune bakarrean elkartzeraino.

Zutabe bakoitzak euskararen pizkunderako ezinbestekotzat jotzen duten hiru oinarrietako bat ordezkatuko du. Lehenengoak, euskarak Euskal Herri osoan ofiziala izan dadila aldarrikatuko du; bigarrenak, hizkuntza politiketan jauzi bat eragiteko asmoz erakundeak, alderdiak eta eragile sozialak interpelatuko ditu; hirugarrenak euskaltzaletasunaren ekarpena aldarrikatuko du, egunerokoan euskaltzale gisa jokatzearen garrantzia eta euskaltzaleak elkarrekin antolatzearen premia azpimarratuz.

Hortaz, ekaineko hitzordua "pizkunderako behar ditugun baldintzen aldarrikapenerako gunea izango da". "Euskaltzaleok antolatzeko beste urrats bat, euskaraz bizitzeko behar den dena eskuratzeko bultzada", gaineratu dute.

Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13an Iruñera joateko eta zabalpenean laguntzeko deia luzatu die Euskal Herri osoko eragile eta norbanako euskaltzale guztiei. Laguntzeko edota parte hartzeko asmoa dutenek informazio, material eta baliabide guztiak www.pizkundea.eus webgunean aurkituko dituzte, baita harremanetarako bideak ere.

Azkenik, martxoaren 19tik 29ra Euskal Herria zeharkatuko duen 24. Korrikan ekaineko mobilizaziora deitzeko kilometroen berri eman du Kontseiluak: Eskirotzen (Nafarroa) 643. kilometroa, martxoaren 22ko 04:01ean; Azkainen (Lapurdi) 1.541. kilometroa, martxoaren 25eko 02:58an; Bilbon 3.436. kilometroa (azkenaurrekoa), martxoaren 29ko 12:13an Plaza Biribiletik hasita.

Contador

Contenido patrocinado