BILBO 26 May. (EUROPA PRESS) -
Labayru Fundazioak laguntzaileen urteko batzar nagusia egingo du datorren astelehenean, maiatzaren 29an, Bilboko BBK Salan, eta Gorka Martinez BBK Fundazioaren zuzendari nagusia eta Jokin Gorozika azkeneko urteetan Artezkaritzako buru izandakoa "ohorezko laguntzaile" izendatuko ditu.
Hurrengo urteetara begira laguntzaileen sarea handitzea eta berritzea helburu hartuta, Labayruk inguruko lagun eta ezagunei ere zabaldu die aurten gonbitea bilkuran parte hartzeko, erakundea hobeto ezagutzeko eta babestera gonbidatzeko. Bilkura 18:30ean hasiko da eta, urteko jarduerak eta diru kontuak onartzeaz gain, aurtengo asmoak eta aurrekontua ere onartu behar dira.
Laguntzaileen artetik aukeratzen dira Artezkaritza osatzen duten kideak ere, urtero bi berritzen baitira. Ohikoa izan du Labayruk "ohorezko laguntzaileak" izendatzea, erakundearentzat garrantzitsuak
izan diren pertsonak omentzeko. Bada, aurten, Gorka Martinez, BBK Fundazioaren zuzendari nagusia eta azken urteetan Artezkaritzako buru izan den Jokin Gorozika izendatuko ditu.
Bestalde, biltzarrari ekitaldi kutsua eman nahian, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak 'La sociedad y la cultura. El ejemplo de Labayru' izenburuko hitzaldia eskainiko du. Amaitzeko, mokadua hartzeko aukera izango da.