Lanbidek 150.000 pertsona baino gehiagori bidali die DARDE agiria, langabezia-txartela ordezkatzeko

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 1 junio 2011 14:10

BILBO 1 Jun. (EUROPA PORESS) -

Lanbide Enplegurako Euskal Zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 151.270 herritarri bidali die jada Enplegu Eskaerari Alta Emateko eta Berritzeko Dokumentua (DARDE). Agiri horrek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren langabezia-txartela ordezkatuko du.

Lanbiden inskribatuta dauden pertsona horiek gutun bana jaso dute beren etxeetan. Gutun horretan, besteak beste, DARDE agiria jaso dute, inskribatutako bakoitzaren lan- eta ikasketa-espedientea jasotzen duen eta datuak eguneratzeko aukera ematen duen dokumentua. Gutunen hartzaileak enplegu-eskatzaileak, ikasleak, aurre-erretiratuak eta enplegu-aukerak hobetu nahi dituzten pertsonak dira.

Dokumentu berria folio-neurrikoa da, eta enplegu-eskatzailearen egungo egoera ez ezik, Lanbiden izena eman zuen eguna ere egiaztatzen du. Horrez gain, datu pertsonalak eta lan- eta ikasketa-espedientea eguneratzeko aukera ematen du.

Enplegu-eskatzaileen kasuan, azken berritze-data ere jasotzen du, eta noiz berritu behar den ohartarazten du. Berritzeko izapide hori 90 egunez behin egin beharko da. Ekimen berritzaile horrek norberaren lan-premietara egokitutako arreta pertsonalizatua eskaintzen dio, beti, inskribatutako pertsona bakoitzari.

DARDE agiria Lanbidek EAE osoan irekita dituen 42 bulegoetako edozeinetan berritu ahal izango da, baina izapide hori etxetik bertatik ere egin ahal izango da, 901 222 901 edo 945 160 600 telefono-zenbakietara deituta, bai eta Lanbideren (www.lanbide.net) web-orriaren bitartez ere.

Horrez gain, zerbitzuak aukera emango dio enplegu-eskatzaileari lan-eskaintzak sms bidez jasotzeko. Agiria galtzen bada, berriz inprimatzeko eskatu ahal izango da gorago aipatutako hiru prozeduren bitartez.

Iruzurrak saihesteko, agiri bakoitzak babes-programa kriptografikoa izango du. Ordenagailua erabiliz gero, nahikoa izango da kodea eta pasahitza tekleatzea. Digitu-sistemak egiaztatuko du erabiltzailearen kautotasuna. Bestela, telefonoa erabiltzea erabakitzen bada, txartelaren titularrak bere NANaren zenbakia eman beharko du, eta eskatzen zaizkion dokumentuko digituak eman beharko ditu.

Gutun horretan bertan, datuak babesteari buruzko legeak aurreikusten duena betetze aldera, Lanbidek erabiltzaile bakoitzari jakinarazten dio datu horiek enplegua eskaintzen duten erakundeei laga ahal izango zaizkiela, bai eta administrazio publikoek enplegua hobetzeko sustatutako programetan parte hartzen lagunduko dieten erakunde publiko edo pribatuei ere.

Contenido patrocinado