BILBO 7 (EUROPA PRESS)
Tarregako Fira de Teatre al Carrer kale antzerkiko azoka egingo da ostegunetik igandera, irailaren 10etik 13ra, Lleidan (Katalunia), eta, Etxepare Euskal Institutuarekin duen lankidetzari esker, aurten Lasala, Ertza, Marie de Jongh eta Koilara Teatro euskal konpainiek jardungo dute bertan. Euskal ordezkaritza artistikoaz gain, euskal arte eszenikoei eskainitako Basque. Performing Arts. jardunaldi profesionala egingo da jaialdian larunbatean, irailaren 12an.
Horrela, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, Lasalak 'Burnt' aurkeztuko du, egungo gizartearen gehiegizko exijentzia eta kontsumo joerak abiapuntu hartuta, akiduraren eta burnoutaren inguruan hausnartzen duen proposamena. Ertzak konpainiak, berriz, 'Un'we' eramango du Tarregara, lan esplotazio modu berriak, indibidualismoa eta sare sozialekiko mendekotasuna ardatz dituen dantza garaikideko pieza.
Marie de Jongh taldeak 'Bo familia' kale antzerki ibiltaria plazaratuko du, botere abusua eta turistifikazioa umorearen bidez jorratzeko, eta, azkenik, Koilara Teatrok 'La llegada' aurkeztuko du, clowna, antzerki fisikoa eta hitzezko trebezia uztartzen dituen lana, estralurtarren balizko etorrera baten zuzeneko kontakizunetik abiatuta irudimenezko unibertso bat eraikitzen duena.
Etxepare Euskal Institutuak euskal sorkuntza garaikidearen nazioartekotzea sustatzeko egiten duen lanaren baitan kokatzen da lau konpainien parte hartzea. Testuinguru horretan, Fira Tarrega kultur merkatu estrategikoa da: euskal sorkuntzaren erakusleiho izateaz gain, artistei nazioarteko arte eszenikoen ekosistemako eragileekin harremanak sortu eta sendotzeko aukera eskaintzen dien topagunea.
Etxepare Euskal Institutuak urtero babesten du euskal sortzaileen presentzia azokaren egitarauan, haien lanen nazioarteko zabalkundea eta sektorearen profesionalizazioa sustatzeko. Hala, euskal konpainiek azokak eskaintzen dituen proiekzioa, aitortza eta harreman sarea baliatzeko aukera dute.
JARDUNALDIA
Tarregako Fira de Teatre al Carrer azokaren eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetza sendotu egin da azken urteotan, eta elkarlanaren erakusgarri dira, alde batetik, Basque. Performing Arts. standa azokaren eremu profesionalean eta, bestetik, izen bereko jardunaldi profesionala, Etxepare Institutuak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Artekale Euskal Herriko Kale Arteen Elkarteak larunbatean Fira Tarregan antolatuko dutena.
Jardunaldiaren helburua euskal arte eszenikoetako sortzaileen eta nazioarteko programatzaile eta profesionalen arteko harremanak sustatzea da, euskal lan eta ikuskizunen nazioarteko zabalkundeari bide berriak ireki eta Euskal Herriko arte eszenikoen sektorea sendotzeko.
Fira Tarrega 1981ean sortutako jaialdia arte eszenikoen erakusleiho aparta da gaur egun, kaleko arteetan eta eremu publikoan arreta berezia jartzen duen programazio heterogeneoari esker. Arte eszenikoen topagune bihurtu da estatu eta nazioarte mailan, eta aurten, arte eszenikoetako 40 euskal profesional, programatzaile eta ordezkari baino gehiago bertaratuko dira.