Lazarraga Sarien bosgarren edizioan hautagaiak aurkezteko epea urriaren 18an amaituko da

Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen alde lan egin duten erakundeak edo pertsonak sarituko dituzte Aldundiak eta Bai Euskarari Elkarteak

Igone Martinez de Luna eta Rober Gutierrez
BAI EUSKARARI
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 27 septiembre 2018 12:20

GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Elkarteak Lazarraga Sarien bosgarren edizioa aurkeztu dute ostegun honetan. Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen alde lan egin duten erakundeak edo pertsonak saritzea da xedea. Saria azaroaren 8an emango da, Gasteizko Artium museoan, eta hautagaiak aurkezteko epea urriaren 18an amaituko da.

Igone Martinez de Luna Arabako Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Rober Gutierrez Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak aurkeztu dituzte lan munduarekin eta euskararekin lotutako Lazarraga Sariak, Arabako Foru Aldundian egindako prentsa agerraldian.

Lazarraga Sarien helburu nagusia da Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen alde lan egin duten erakunde edota pertsonak saritzea eta haien ahalegina aitortzea. Lanabes Araban Euskara Lanean ekimeneko kideek osatuko dute epaimahaia, eta Araban edo Trebiñuko Konderrian euskarak eremu sozioekonomikoan duen presentzian eragin eta handitzearen alde egindako lana baloratuko dute.

Bost sari emango dira, erakunde zein norbanakoentzat. Eremu sozioekonomikoan egindako euskararen kudeaketa baloratzeko bi irizpide nagusi kontuan izango dira: zer neurri ezarri diren zerbitzua euskaraz emateko eta zer neurri ezarri diren lana euskaraz egiteko.

Era berean, ezarritako beste neurri edo baliabide batzuk ere kontua hartuko dira, hala nola euskaraz lan egiteko baliabideak, kontratazioak,
barne agiriak, kanpo komunikazioa, hizkuntza paisaia, produktua kontsumitzen eta erabiltzen duten pertsonentzako elementuak, Lanbide Heziketako praktikak euskaraz egitea enpresetan, formakuntza euskaraz eskaintzea, euskaraz ikasteko aukera eskaintzea lanean, erantzukizun sozialarengatik nabarmendutako jarduera eta euskara eremu sozioekonomikoan sustatzearekin zerikusia duen beste edozein neurri.

Hautagaiak aurkezteko prozesua zabalik da, urriaren 18a arte. Lan munduarekin eta euskararekin zerikusia duten alorretan parte hartzen duten erakundeak gonbidatuko dira haien kideen artean sarien berri zabaltzera eta hautagaiak proposatzera.

Hautagaitzak www.lanabes.eus webgunean jasoko dira. Gainera, Facebook sare sozialeko Lazarraga Sariak profilean eta @Lazarragasariak Twitter kontuan ere edozein arabarrek proposa ditzakete hautagaiak, eta beste horrenbeste egin daiteke www.araba.eus eta www.euskaraba.eus webguneetan eta euskaraba@euskaraba.eus posta elektronikora idatziz.

ARABAN AURRERAPEN HANDIA

Igone Martinez de Lunak agerraldian nabarmendu duenez, "gizartearen %48,2 euskaraz ulertzeko gai baldin bada, Araban eman den aurrerapen handia dela ezin ukatuko dugu". Gainera, belaunaldi berriak eskola prozesua euskaraz egiteko gai izan badira, arlo sozioekonomikora jauzi egitean "bitartekoak eta baliabideak" eskaini beharko dizkietela azpimarratu du.

"Horretan ari gara. Lanbide Heziketako eragileekin harremanetan gara. Arabako Foru Aldundia sustatzaile nagusia da Lanabes Araban Euskara Lanean ekimenean eta izaten jarraituko du, Araban arlo sozioekonomikoan euskarak etorkizuna izatea beharrezkoa da eta", adierazi du.

Halaber, lan munduan bide beretik jarraitu behar dela gaineratu du Martinez de Lunak, "eta horretarako behar beharrezkoa da lan mundua gazteen hizkuntza errealitatera egokitzea eta euskaraz aritzeko aukerak eskaintzea".

Bestalde, Rober Gutierrezek ziurtatu du Lazarraga Sariek Arabako arlo sozioekonomikoan euskalduntzean eragiten dutela. Gogoratu du hamar urte direla jada Arabako Foru Aldundia eta Bai Euskarari Elkartea elkarlanean ari direla, eta hori "pozgarria" dela nabarmendu du, "are gehiago, Lanabes Araban Euskara Lanean ekimena abiatu denetik".

Hori dela eta, "oso apropos" deritzo dagokien lan eremua euskalduntzeko lan egiten duten Arabako erakunde, enpresa edo norbanakoek "euskararen normalizazioan egiten duten lana aintzatestea".

Contenido patrocinado