Lizardiren poesiaren antologia berria aurkeztuko du Euskaltzaindiak Durangoko Azokan

Lizardiren poesiaren antologia berria aurkeztuko du Euskaltzaindiak Durangoko Azokan.
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: martes, 5 diciembre 2023 14:18

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak erakusmahaia jarriko du 58. Durangoko Azokako Barrenkale 23an, bere egitasmoak hauspotu eta argitalpenak erakusteko, eta liburu mardul eta interesgarri bat aurkeztuko du bertan: Lizardiren poesiaren antologia.

Larunbatean aurkeztuko da jendaurrean, abenduaren 9an, 11:30ean, eta Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren idazkariak, Bakartxo Urruzolak eta Karlos Otegi liburuaren paratzaileak parte hartuko dute ekitaldian, Akademiak jakinarazi duenez.

Antologia berriak orain arte argitaratu diren Lizardiren poema guztiak biltzen ditu, eta, horrez gain, berriki berreskuratu diren beste bi olerki: 'Habiatxo' eta 'Goiz-ibiltze'. Gainera, Karlos Otegik idatzizko euskara batuaren eredura hurbildu ditu poema guztiak, euskara batuan ohitu eta trebatu den irakurleari Lizardiren olerkiak bertsio gertuagoan eskainiz.

Inprentatik atera berri diren beste liburu batzuk ere izango dira Euskaltzaindiaren Azokako erakusmahaian, besteak beste, oraintsu Baionan aurkeztutako 'Margarita Nafarroako erregina (1492-1549). Antzezlanak eta gutunak' (Ixabel Etxeberriak paratua), 'Bonifacio Echegaray, promotor y defensor del euskera' (Lázaro Echegaray eta Koldo Somokuetok paratua) edota 'Euskarazko ahozko jarduna Nafarroako gaztetxoen artean: egoera eta aukera berriak' (2022ko Jagon jardunaldiaren emaitza).

Halaber, 'Ignazio Bergara goizuetarraren gutunak. Arranbide (Arano) eta Elama (Artikutza). 1787-1811' (Patxi Salaberri, Juan Jose Zubiri eta Iker Salaberriren ikerlana), 'Creación, traducción, autotraducción' (Olga Anokhina eta Aurelia Arkotxa) eta Euskara
Batuaren Eskuliburuaren 5. argitalpena eramango ditu Euskaltzaindiak Durangoko Azokara.