Maier kooperatibak Maier Technology Centre bere teknologia-zentro berria inauguratu du

Maier kooperatibak bere teknologia-zentro berria inauguratu du
MAIER TALDEA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 31 marzo 2011 20:06

BILBO 31 Mar. (EUROPA PRESS) -

Maier automobilgintza eta etxetresna elektrikoen sektoreetarako osagaien eta azpimultzoen fabrikatzaileak Ajangizgo (Bizkaia) Arabieta industrialdean dagoen Maier Technology Centre (MTC) bere teknologia-zentro berria inauguratu du gaur.

Inaugurazio ofizialean izan dira Maier Taldeko zuzendari nagusi Juan Luis Irazabal, Maier S. Koop-eko presidente Julen Madariaga, Mondragon Korporazioko presidente Jose Mª Aldecoa, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko Industria sailburuorde Xabier Garmendia eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatu Iosu Madariaga, beste hainbat pertsona ospetsuren artean. Instalazio berriak ikusi dituzte elkarrekin.

Gaur inauguratu dena, 1995ean sortutako lehengo MTC teknologia-zentroaren 1.700 metro koadroko handitze-lana izan da. Lan honetarako behar izan den 5,8 milioi euroko inbertsioan Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioaren laguntza izan du Maier-ek. Handitze-lan honi esker, kooperatibak 115 ikerlari eta ingeniari jarriko ditu lanean bere instalazio berrietan.

MTC berriak espazio funtzional berriak ditu, horien artean, 'Think Tanks' gelak, garapenerako taldeek lanerako izango dituzten lekuak; entsegu kimikoetarako laborategi bat eta entsegu fisikoetarako beste bat; ikerkuntzan erabiltzen diren makinentzako pabilioi bat; 'quick meeting'-eko gela berriak eta produktua erakusteko gela bat, non bezeroak automobilgintzako osagaien akabera ikusi eta horien funtzionaltasuna probatu ahal izango duen.

Horrez gain, prototipaturako eremua, kromatuen ikerketarako beste bat eta instalaziorako eta pintatzeko gune bat; hemen injekzio-makinak izango dira laser teknologiaren bidez dekoratzeko.

Eraikinaren ezaugarri bereizgarrietako bat kristalezko aurrealdea da, Maierren produktu izarra diren auto-saretak irudikatzen dituzten kristalezko xaflekin dekoratua dago.

MTC

Maier Technology Centre (MTC, S. Coop.) 1995ean sortu zen Maier Taldean, plastikoen sektorean erreferente izateko helburuarekin. Gaur egun, automobilgintza sektoreko enpresentzat egiten du lan, nagusiki bere enpresa elkartuentzat.

Enpresaren gaitasun teknologikoa I+Gko sail batek, bulego tekniko batek, kalitateko sail batek eta garapen berrietan sartuta dagoen zuzendaritza batek osatzen duten egituran oinarritzen da. Enpresaren ikerketa-ildo nagusiak honakoak dira: material alternatiboak, eta produktu, akabera eta instalazio berriak.

Maier kooperatibak osagaiak eta azpimultzoak egiten ditu automobilgintzarako eta etxetresna elektrikoetarako. Europan lider da autoen karrozeria kolorean pintatutako aurreko saretak, edergarri kromatuak, abatz-estalkiak eta gasolina-tapoiak garatzen eta egiten.

Automobilgintzako munduko lehenengo bederatzi autogileen artean sartua dago. Instalazioak ditu Espainian, Erresuma Batuan eta Txekian, 'joint venture' Turkian eta ordezkaritzak Frantzian, Suedian, AEBtan eta Japonian. 115 langile baino gehiago dituen bere zentro teknikoak laguntza eskaintzen die OEMei eta Hornitzaileei.

Contenido patrocinado