DONOSTIA 23 (EUROPA PRESS)
Maixabel Lasak jasoko du 2026. urteko Gipuzkoako Urrezko Domina, indarkeriaren biktima izandako pertsona guztien "duintasunaren aitortzan eta elkarbizitzaren berreraikuntzan" egindako "ekarpen etiko sakon eta eskuzabalagatik". Aitorpena emateko ekitaldia abenduaren 16an egingo da, Foru Jauregian.
Eider Mendoza ahaldun nagusiak eman du aurtengo sarituaren berri ostiral honetan, eta, nabarmendu duenez, bizipen pertsonal "oso mingarrietatik abiatuz" -ETAk Juan Mari Jauregi senarra hil zuen 2000ko uztailean-, "elkarri entzun, biolentziak eragindako kaltea errekonozitu eta kalte hori erreparatu" zedin bide berriak zabaltzeko "ausardia eta gizatasun izugarria" izan ditu Lasak, balio demokratikoetan oinarritutako memoriaren aldeko lanaren bitartez, bakegintzarako eta euskal gizartearen etorkizunerako "zutabe sendoak" eskainiz.
Gipuzkoako Aldundiaren arabera, Maixabel Lasaren ibilbide propioa "zabala eta eredugarria" da, dela giza eskubideen defentsan, dela jardun politiko zein erakunde arduretan, dela memoriaren eta elkarbizitzaren alde abiarazitako ekimen anitzetan.
Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria izan zen 2001 eta 2012 artean, eta Glencree ekimena, ETAko presoak birgizarteratzeko Nanclares bidea edota bilera errestauratiboak bezalako egitasmo "ausartak" bultzatu izan ditu azken hamarkadetan, une oro biktimen pluraltasuna eta duintasuna gidari izanik.
Bere ahotsaren eta bizitza ibilbidearen bitartez, urte hauetan guztietan "erreferentzia etiko eta zibiko oso indartsua" eskaini dio gipuzkoar eta euskal gizarteari, hain zuzen ere, "bakea eta elkarbizitza eraikitzea lehen mailako desafioa zen momentu batean".
Eider Mendozaren hitzetan, "ETAren biktima gisa, herritar guztioi eskainitako testigantza eta eredugarritasunetik harago, Maixabel Lasaren eskuzabaltasunak guztion aitortza merezi du".
"Giza eskubideetan eta balio demokratikoetan oinarritutako memoria baterako oinarriak eskaini dizkigu; biolentzia ezberdinek eragindako biktimen arteko zubiak eraikitzeko gaitasuna izan du; biktimen pluraltasunetik abiatuz, guztiek merezi duten begirunea, aitortza, duintasuna eta memoria errekonozitzeko ateak zabaldu ditu. Horrekin guztiarekin, memorian, gizatasunean eta balio etiko sendoetan oinarrituta, Gipuzkoan eta Euskadin elkarbizitza baketsua finkatu dadin ekarpen oso sakona egin du", goraipatu du.
Gipuzkoako Urrezko Domina emateko