Masustegiko igogailu inklinatua abiatu du Bilboko Udalak, ia 4,7 milioi euroko inbertsioa eginda

Masustegiko igogailu inklinatua abiatu du Bilboko Udalak, ia 4,7 milioi euroko inbertsioa eginda
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 18 febrero 2026 14:51

BILBO 18 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak Masustegiko igogailu inklinatua jarri du martxan, auzoa "egituratu" eta auzotarren irisgarritasuna "nabarmen" hobetuko duen azpiegitura. Igogailua egiteko lanek 4.694.186 euroko udal inbertsioa eskatu dute (BEZa barne), Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez.

Juan Mari Aburto alkateak, Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotziak eta udalbatzako kideek Masustegiko igogailu inklinatua bisitatu dute asteazken honetan. Azpiegtura jartzeko lanek urte bi baino gehiago iraun dute, eta "aurrerakada handia" dakarkie irisgarritasun arloan 8. barrutiko auzotarrei.

Aburtok bisita egin bitartean nabarmendu duenez, jarduketa honekin "Udalak argi erakutsi duela nolako konpromisoa duen hiria irisgarriagoa izan dadin, pertsonen eguneroko bizimoduan orografia ez dadin oztopoa izan". Azpimarratu du obrak konplexutasun tekniko handia izan duela eta zailtasun garrantzitsuak gainditu behar izan direla obra gauzatzeko.

Masustegi estrataren beheko alderdia -37, 39 eta 41 atarien atzean dagoen aparkalekuaren inguruan- eta auzoaren goiko alderdia -111 eta 113 zenbakien ondoan- lotzen ditu igogailuak. Orain arte, bi alderdien arteko lotura, batez ere, oinez egin behar izaten zen eskailerak eta aldats handiak igaroz, eta bidea ez zen oso irisgarria jende askorentzat.

Lurraren orografia konplexuak baldintzatu ditu igogailu inklinatua egiteko lanak. Era berean, beharrezkoa izan da obrak eta erdi-tentsioko aireko linea bat bateragarri egitea, linea hori desbideratzea eta lurperatzea ezinbestekoa baitzen proiektuaren segurtasuna eta bideragarritasun teknikoa bermatzeko.

Horrek guztiak ekarri du obrak aldi baterako etetea, 2023ko ekainetik azarora bitartean, eta izapide tekniko eta administratibo gehigarriak egitea, enpresa hornitzailearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin koordinaturik. Afekzio horiek konpondu ondoren, lanak osatu ahal izan dira igogailua zerbitzuan jarri arte, eta horrek 4.694.186 euroko udal inbertsioa ekarri du (BEZa barne).

Igogailu berriak 90,48 metro linealeko tartea egiten eta 49,86 metroko desnibela gainditzen du, segundoko 1,6 metroko abiadurarekin. Geraleku bi, 25 lagunentzako kabina bat eta eguneko 24 orduetan aritzeko moduan egongo den bideozaintza sistema bat ditu.

Jarduketaren osagarri, ingurunea berrurbanizatzeko lanak egin dira. Lan horien artean, beheko sarbidearen eremua hobetu da, argiak berritu dira, zoladurak birjarri dira, hiri altzari berriak jarri dira eta drainatze eta euri uren sareak hobetu dira.

Azpiegitura abiatzearekin batera, Bilboko Udalak "herritarren eskaera historiko bati erantzun dio, eta pertsona guztientzat irisgarriagoa, erosoagoa eta pentsatuagoa izango den hiri baten aldeko apustua sendotu du".

Contador

Contenido patrocinado