Merkatari eta ostalariek euskarazko oinarrizko hiztegia ikasteko app bat sortu dute Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak

'Erraza Da' Gailu Mugikorretarako Aplikazioaren Aurkezpena.
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 21 septiembre 2023 16:58

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Donostiako Udalak 'Erraza da' gailu mugikorretarako aplikazioa aurkeztu dute ostegun honetan. Euskarazko oinarrizko hiztegia ikasteko aplikazioa da, batez ere merkataritza eta ostalaritzako langileei bideratua.

Ekimena Donostiako Udalak jarri zuen martxan 2019an eta Eusko Jaurlaritzak bat egin du proiektuarekin eta elkarrekin garatu dute. Donostian arrakastatsua izan den esperientzia Euskadi osora eta euskal merkataritzaren eremu gehiagotara zabaltzea da asmoa.

Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek aurkezpenean adierazi duenez, "Donostiako Udalak landutako egitasmoak Euskadi mailako proiekzioa izatea balioetsi genuen, eta hortik dator lankidetzan garatutako aplikazioa".

"Euskara gizarte kohesio eta integratzaile izateko baliabide gisa ulertzen dugu. Lehen urratsak erraz emateko aukera berri bat eskura jartzea du helburutzat aplikazio honek. Gainera, gure lurraldera lanera eta bizitzera datozen herritarrei euskarara hurbiltzen laguntzeko bide erraz bat izatea ere badu xede", gaineratu du.

Donostiako Udalak esperientzia euskarri fisikoekin abiarazi zuen, ostalaritza sektoreko hiztegi espezifiko bat sortuz. 15 egunean behin galdetegi bat bidaltzen zien parte hartzaileei jarraipena egiteko, batez ere proiektuaren parte hartze maila neurtzeko. Ekimenaren balorazioa oso positiboa izan zen, eta proiektuan parte hartu zuten establezimenduen %80 prest zeuden jarraitzeko.

Orain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin lankidetzan, gailu mugikorretarako aplikazio bat garatu da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztietara heltzeko helburuarekin.

Donostiako Udaleko Euskara zinegotzi Jon Insaustik Jaurlaritzarekin egindako elkarlana eskertu du. "2019an lehen aldiz egitasmoa martxan jarri genuenetik interes handia erakutsi du, eta horri esker, ziur gaude establezimendu gehiagora eta langile gehiagora iritsi ahal izango dugula, eta ondorioz, arreta euskaraz egingo duten langile gehiago egongo dira", azaldu du.

Adierazi duenez, "2019an hiztegi txiki batetik abiatu ginen, ondoren webgunean sortu genuen jende gehiagorengana iristeko, eta orain, Eusko Jaurlaritzarekin egindako elkarlanari esker, Euskadi osoan merkataritzan eta ostalaritzan lan egiten duen edonork sakelako telefonoaren bidez euskaraz arreta egiteko 'Erraza da' aplikazioa sortu dugu. Aitzindariak izan gara, eta orain, martxan jarri genuen proiektua Euskadi osora zabalduko da; beraz, oso pozik gaude proiektuak duen bilakaerarekin".

Horrenbestez, aplikazioa deskargatzera animatu ditu merkataritza eta ostalaritza establezimendutan lan egiten duten langile guztiak, eta proiektua martxan jartzen lagundu duten pertsona, elkarte, establezimendu eta langileei eskerrak eman dizkie.

ERABILERA

'Erraza da' aplikazioak bi hiztegi jasotzen ditu, bata 'orokorra' eta bestea 'ostalaritza', eta eduki guztiak HABEk gainbegiratu ditu. Dobaranek iragarri duenez, "aurrerantzean, ostalaritzako langileei ez ezik, beste sektore batzuetako langileei ere zabaltzea da asmoa".

Aplikazioa Android eta iOS gailu mugikorrentzat dago eskuragarri eta erabiltzaileak deskargatu eta erregistratu egin behar du. Erregistroan, zein sektoretako hiztegia landu nahi duen galdetuko zaio (edozein momentutan alda dezake).

Erabiltzaileak sektore horretako hiztegiaren eduki berri bat izango du egunero, eduki hori irakurri eta entzuteko aukerarekin. Hiruzpalau egunetan, edukiak ikusi ondoren, horien inguruko galdetegi bat izango du. Hala ere, bistaratutako edukiak edozein momentutan ikus daitezke, eta osatutako galdetegiak berriro egin ere, baina ezin da egunean eduki berri bat baino gehiago ikusi.

Aplikazioak taldeak sortzeko aukera ere eskaintzen du, eta horrela, lagun eta lankideen aurrerapen mailarekin alderatzeko aukera izan dezake erabiltzaileak.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado