Mondragon Unibertsitateko Proiektuen Zuzendaritzako PMP Ziurtagirirako bosgarren edizioa azaroaren 4an hasiko da

Europa Press País Vasco
Actualizado: sábado, 29 octubre 2011 12:48

BILBO 29 Oct. (EUROPA PRESS) -

Mondragon Unibertsitatearen Proiektuen Zuzendaritzako PMP Ziurtagirirako bosgarren edizioa azaroaren 4an hasiko da Bilboko Merkataritza Ganberan, unibertsitate-tituludunei zuzenduta. Proiektuen Zuzendaritzan gaitasun profesionala ziurtatzeko nazioarteko aitorpenik garrantzitsuena duen akreditazioa da PMP (Project Management Professional), eta orain arte, Mondragon Unibertsitateak 100 pertsona inguru akreditatu ditu.

Mondragon Unibertsitatetik adierazi dutenez, bost proiektutik batek soilik betetzen ditu sorrerako helburuak. Ikerketen arabera, proiektuak zuzentzen dituzten profesionalek esperientzia tekniko handia baina kudeaketari (hau da, helburuak adosteari, pertsonak motibatzeari, aukera berriak identifikatzeari, antolatzeari, planifikatzeari, erabakitzeari, kontrolatzeari, informatzeari eta abarri) buruzko ezagutza txikiak dituztelako gertatzen da hori.

Horrelako profesionalak falta direlako erabaki zuen Mondragon Unibertsitateak duela lau urte PMP Ziurtagiria Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) abian jartzea. Programa horretan dagoeneko ia ehun pertsona akreditatu dira.

Aipatu bezala, azaroaren 4an jarriko da abian PMP Ziurtagirirako Programaren bosgarren edizioa Bilboko Merkataritza Ganberako instalazioetan. Programak PMP ziurtagirirako azterketa gainditzeko beharrezko prestakuntza eskaintzen du. Munduko erakunde garrantzitsuenek akreditazio hori eskatzen diete beren proiektuetan lanean diharduten zuzendariei.

PMP ziurtagiria proiektuen zuzendaritzarako gaitasun profesionala akreditatzen duen munduko aitortzarik garrantzitsuena da. Azken urteetan, mundu osoko instituzioek eta enpresek beren proiektu-arduradunei eta proiektuak egiten dituzten enpresei eskatzen dieten oinarrizko baldintza da.

KUDEATZAILEEN FALTA

Proiektuen kudeaketan esperientzia eta goi edo erdi mailako unibertsitate-titulazioa duten profesionalei zuzenduta dago. Programa horrekin, Mondragon Unibertsitateak ziurtagiri hori duten proiektu-kudeatzaileen falta txikitzen lagundu nahi du EAEn, izan ere, euskal enpresentzat eragozpen handia izaten hasi baita egoera hori, nazioarteko proiektuetan eta instituzio, erakunde eta enpresa liderrentzako proiektuetan beren parte-hartzea mugatuta ikusten dutelako.

Behin prestakuntza amaitutakoan, parte-hartzaileek azterketa bat gainditu beharko dute. Orain arte, 96 pertsonak jaso dute Mondragon Unibertsitatearen ziurtagiria, eta akreditutakoen %95ek baino gehiagok gainditu du lehen azterketa.

Ekimenaren arrakasta dela eta, Mondragon Unibertsitatea "aurrerapauso handiak" ematen ari da EAEn Project Management Institute bat sortzeko. Horrek, EAE Proiektuen Zuzendaritzan "erreferente" bihurtzea du helburu.

Erakunde horrek sei zutabe nagusi izango lituzke: Ezagutzaren Kudeaketa; Prestakuntza; Ikerketa eta Garapena; Argitalpenak; Talde Espiritua eta Pertsonen Inplikazioa. Informazioa eta baliabideak trukatzeko komunitate gisa funtzionatuko luke, bai eta ezagutza handitzeko eta proiektuen kudeaketako jardunbide egokietan gaitzeko ere. Gainera, EAEko profesionalen arteko elkargunea izango litzateke.

Contenido patrocinado