Publicado 28/11/2019 18:02

Multiverse Computing-ek jaso du enpresa proiektu onenaren XIX. Manuel Laborde Werlinden saria

DONOSTIA, 28 Nov. (EUROPA PRESS) -

Multiverse Computing proiektuak jaso du enpresa egitasmo onenaren XIX. Manuel Laborde Werlinden sari nagusia, eta Polykey proiektuarentzat izan da bigarren saria. Zortzi hautagai izan dira aurtengo edizioan, Gipuzkoako ekonomia garatzeko hazkuntza adimendunaren estrategiarekin lotutako sektoreetakoak, besteak beste, ekonomia zirkular, kimika berde, 4.0 industria, hirigintza sozial eta EIKT teknologiakoak.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako campusak eta Bic Gipuzkoa Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak lantzen eta kudeatzen duten 'Entreprenari' programaren barruan antolatzen dira Manuel Laborde Werlinden Sariak, ekintzaileak sustatzeko, aholkatzeko eta babesteko eta EHUko Gipuzkoako campusean enpresa berritzaileak sortzeko.

Horrela, lehen saria irabazi duen Multiverse Computing enpresa proiektuaren helburu nagusia da 'deep-tech' arloko munduko konpainia nagusi bihurtzea, eta proposamenaren ardatza da teknologia kuantikoak aplikatzea finantza arloan eta, aurrerago, beste berrikuntza merkatu batzuetan.

Román Orús, Enrique Lizaso, Samuel Muller eta Alfonso Rubiok sustatutako egitasmoak 7.000 euroko diru laguntza jaso du proiektua gauzatzeko, bai eta BIC Gipuzkoaren laguntza eta aholkularitza ere. Epaimahaiaren iritziz, "esperientzia bikaina da ezagutza zientifikoa merkatura transferitzeko".

Bigarren saria Polykey enpresarentzat izan da. Ekonomia zirkularreko enpresa proiektu bat aurkeztu dute, EHUko ikerketa talde baten 'know-how' espezifiko batetik abiatuta. Proiektuak oinarri teknologiko sendoa du, eta prozesu kimiko berritzaileak egiten ditu hondakin plastikoetatik balio erantsia duten proiektuak lortzeko. David Mecerreyes, Haritz Sardón eta Andere Basterrechea dira proiektuaren egileak, eta bigarren saria irabazteagatik 3.000 euro eta BIC Gipuzkoaren laguntza eta aholkularitza jaso dute proiektua gauzatzeko.

Era berean, proiektu irabazleak aukeratu dituen epaimahaiak beharrezkotzat jo du aipamen berezi bat egitea Mepro enpresari, "ikerketa taldeak enpresa sustapen talde batean izan duen bilakaeragatik; izan ere, bi urteko epean egitasmoaren balio proposamena definitu du eta finantzaketa publiko zein pribatua lortu du egitasmoa bideratu ahal izateko". Enpresak espermaren hautaketarako metodo molekular bat garatu du, eta horrek areagotu egiten ditu laguntza bidezko ugalketan ari diren bikoteek haurdun gelditzea lortzeko aukerak.